argia.eus
INPRIMATU
Beto parentala euskarari
Ibai Atutxa OrdeƱana 2023ko abenduaren 06a

Europa bezain zaharra
Joxe Azurmendi
Jakin, 2023

-------------------------------------------------

Joxe Azurmendik argitaratu duen azken liburuak hizkuntz ereduen inposizioan jarri nau pentsatzen. Ez, Europa bezain zaharra-k ez du hezkuntzaz hitz egiten. Jakin-en eskutik argitaratutako liburuak Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko Europara garamatza. Besteak beste, Frantzia, Espainia, Ingalaterra, Italia eta Portugaleko arkitekturaz, literaturaz eta historiaz dihardu. Arakatu egiten du nazioa nola ulertzen zen orduan eta nola ulertzen den egun. Agerian uzten du egungo nazio-estatuen atzean, orduko fundamentalismo kristauek bizirauten dutela sekularizatuta. Kostatzen zaizu hezkuntzarekin lotura ikustea? Jarraitu irakurtzen.

Hizkuntza ereduen hezkuntza sistema ez da euskarari jazartzen zaion beto parentala besterik. Noski, beto parentala beste zerbait izendatzeko erabilita ezagutzen dugu. Voxek eta PPk eta UPNk eta Navarra Sumak Espainia hegoaldean eta Nafarroan Skolae gisako programen aurka erabili nahi duten zentsura neurria da. “Genero ideologiaren” mamua hauspotu eta gurasoek haurrei lotutako auzien gainean erabakitzeko luketen askatasuna aldarrikatzen dute. Espainiar progreek diote ezetz. Eskubidea ez dela gurasoena, haurrena baizik hezkuntza integral bat jasotzeko.

Hizkuntza ereduez hitz egitean Espainiar progreek eta euskal neokonek ez dituzte eskubide kontuak hain argi ikusten. Bat batean, hizkuntzari dagokionez, ez du inporta haurrek hezkuntza integral bat jasotzeko eskubidea dutela. Inporta duena da gurasoek aukeratzeko askatasuna izatea haurrek zer hizkuntzatan ikasiko duten erabakitzeko. Hau da, euskarari beto parentala jartzearen alde daude espainiar progreak eta euskal neokonak.

Jarrera horiek itxuraz dira soilik kontraesankorrak eta Joxe Azurmendiren liburuak ulertzen laguntzen digu. Liburuarekin argi gelditzen zaigu betoen atzean sekularizazioz kamuflatuta dagoela nazio-estatu europarraren izaera kristau-fundamentalista. Bada, hizkuntzen zapalkuntzari leku pribilegiatua eman zaio modernitatearen hasieratik lurraldetasun zapaltzaile horren egituraketan.