Urriaren 7ko Hamasen erasoaren aurretik, Zisjordaniakoa azken 15 urteetako urterik hilgarriena izaten ari zen. Israelgo armadak eta kolonoek urriaren 6ra arte 200 palestinar hilak zituzten. Gudaren azken kapituluak, ordea, askoz ere gehiago tenkatu du egoera eta azken sei asteetan 198 palestinar hil dituzte, 52 haur barne, Israelgo Polizia indarrek Zisjordanian.
Aldizkari hau inprentara joan den egunean (azaroaren 20), 2.520 dira Zisjordanian asteotan Israelek atxilotu dituen pertsonak.
Horrez gain, fokua Gazan jarrita dagoela baliatuz, kolonoen erasoak etengabeak izaten ari direla salatu du Aginte Palestinarrak. Ia ehun herriri egin diete eraso israeldarrek, etxe ugariri su eman eta zenbait herri hustu. Herritarrek ihes egin behar izan dute, bizia salbatu ahal izateko.
Urriaren 20an Al Jazeerak zabaldutako informazioaren arabera, urriaren 12an Wadi al-Siq herri beduinoko familiak beren etxeak desmuntatzen ari ziren, armatutako israeldarrak ondoko kolonia ilegaletatik etorri eta herria hartu zutenean. Bi egun lehenago, ekintzaile bakezale batek sare sozialetan abisua eman zuen, Wadi al-Siq-en aurkako progroma edo erasoa prestatzen ari zirela batzuk, eta komunitateak herria hustea erabaki zuen. Hala, herrixka berentzat hartzea lortu zuten kolono horiek.
Palestinako Osasun ministerioak emandako datuen arabera, 874 pertsona behartu dituzte kolonoek beren etxeak uztera.