argia.eus
INPRIMATU
Nor zen Adolf Eichmann?
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko azaroaren 22a

Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako. Deportatuak kontzentrazio-esparruetara eramateko garraio-plangintza bere ardura zen. Reinhard Heydrichekin eskuz esku aritu zen lanean; bien artean planifikatu eta garatu zituzten kontzentrazio- eta sarraski-esparruen kokapenak, distantziak, ibilbideak eta denborak. Deportatuen hilketak azkartu behar baziren, prozesua azkartzen “bereziki abila” omen zen Eichmann.

Ibilbidea Alderdi Nazian
26 urterekin afiliatu zen Alderdi Nazian, bizitoki zuen Austrian. Handik urtebetera nazionalsozialista naziak boterera heldu ziren Alemanian, Hitler jarri zen agintari, eta egun gutxiren buruan Austriak legez kanpokotzat izendatu zuen alderdia. Beraz, beste asko bezala, Alemaniara pasatu zen Eichmann. Alderdi Naziaren barnean postu bat baino gehiago izan ondoren heldu zen Segurtasun Zerbitzuan lan egitera, 1930eko hamarkadaren erdialdera. Bulego horrek erakunde juduen “zaintza” zuen helburu, zeina, hasiera batean bederen, elkarte sionista antolatuekin negoziatzean zetzan. Juduak bota nahi zituzten herrialdetik, ahal bazen emigrazio plan bat osatu eta judu burgesekin akordiora helduta, eta elkarrizketak denboran luzatu ziren. Ikuskapen bisita bat edo beste egin zuten Palestinara, juduen estatua sortzeko asmotan. Elkarte horiekin harreman zuzena edukita heldu zen gerora kontzentrazio esparruetara deportatuko zituen juduen bizilekua jakitera.

Kanporatze-prozesua areagotu egin zen behin III. Reich-ean, 1938an, Alemaniak Austria anexionatu zuenean. Emigrazio juduaz arduratzen zen bulego esanguratsu bat ireki zuten Vienan, Eichmann egin zen arduradunetako bat, eta barne-kalkuluak egin ostean, juduen emigrazio edo kanporatze plan masibo bat osatu zuten: Austriako 110.000 judutarrek haien lurrak utzi zituzten urtebete eskasean. Ekintza “arrakastatsua” izan zen Alderdi Naziarentzat, eta ospea Eichmannentzat. Beraz, “Alemania juduengandik askatzeko” estrategiaren kargudun egin zuten 1939an.

II. Mundu Gerra lehertu zen segituan, eta egoera konplikatzen hasi zitzaien naziei, juduen aurkako plan guztiak martxan jarri ahal izateko. Gerra gogortzen hasi zen Ekialdean, Sobietar Batasuna inbaditzeko asmoa zuen Hitlerrek, eta ez zuten bideragarri ikusten emigrazio eta deportazio planekin jarraitzea. Hortaz, 1942an, Reich-aren Segurtasun Bulego Zentraleko buru Heydrichek, urgentziazko bilera deitu zuen Berlinen, Wannseen, eta goi-kargudunek hor hartu zuten Azken Soluziora pasatzeko erabakia. Eichamann presente zegoen bilera horretan, eta berari esleitu zioten ardura postu handietako bat.

Sei milioi judutar inguru erail zituzten naziek. Orduko hartan Europan bizi ziren hiru judutarretik bi.