argia.eus
INPRIMATU
Nakba, hondamen ukatua
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko azaroaren 21
Duela 75 urte 750.000 palestinar beren etxeetatik egotzi edo ihes egitera behartu zituzten. Nakba esaten diote horri eta nazioarteko komunitateak gertatutakoa ukatzen jarraitzen du.
Duela 75 urte 750.000 palestinar beren etxeetatik egotzi edo ihes egitera behartu zituzten. Nakba esaten diote horri eta nazioarteko komunitateak gertatutakoa ukatzen jarraitzen du.

Palestina, 1948. Arabiar-israeldar gerraren eta Israelgo estatuaren sorreraren ondorioz, 750.000 palestinar sorterritik egotzi edo ihes egitera behartu zituzten.

Palestinarren exodo horri Nakba esaten zaio. “Hondamena” esan nahi du arabieraz eta 750.000 errefuxiatu horiek baino askoz gehiago dago horren atzean. Israeldar armadak 500dik gora herri eta hiri palestinar suntsitu zituen, eta palestinarrei itzultzeko eskubidea ukatu zaie 75 urtez. Nur Masalha, Rashid Khalidi eta beste ikerlari batzuek “palestinar gizartearen desintegrazioa” deitu diote, eta Salman Abu Sitta, Ilan Pappé eta beste batzuek garbiketa etnikotzat dute.

750.000ko kopurua ere motz geratzen da. Orduz geroztik errefuxiatuen kopuruak etengabe egin du gora, tantaka batzuetan, modu masiboagoan beste batzuetan; esaterako, 1967ko Sei Eguneko Gerran. Horiek guztiak eta haien oinordekoak kontuan hartuta, 4 milioitik gora “errefuxiatu” eragin ditu Nakbak. Eta komatxoak erabili behar dira, 1948an egotzitako 750.000 horietatik soilik herenak lortu baitzuen errefuxiatu estatus ofiziala; gainerakoak “tokialdatuak” dira.

Mendebaldeak Nakba ukatu du hiru mende laurdenez. Israeldar erregimenaren izaera kolonialista eta okupatzailea ukatuta, “palestinar arazotzat” edo, kasurik onenean, bi alde berdinen arteko gatazka orekatutzat jo dute palestinar herriaren ezabatzea eta horrek “eragin izugarria izan du Mendebaldeko gobernuen Palestina okupatuarekiko politikak taxutzen”, Malcolm H. Kerr Carnegie Ekialde Ertaineko Zentroko kide Nur Arafeh-ren hitzetan.

Mendebaldeak 75 urte hauetan palestinar borroka despolitizatu du eta laguntza politiketan garbi islatu da hori. Arafehrek dioenez, “arazoaren sintomei begiratu diete, oinarrizko kausa, hau da, israeldar erregimen okupatzailea, baztertuz. Sustrai politiko sakonak dituen arazoari azaleko adabaki ekonomikoak jarrita, Mendebaldeko gobernuak Israelen konplize bihurtu dira. Itxuraz palestinarren garapen ekonomikoa sustatuta, haien onarpena eta etsipena bultzatu dute, eta Israelentzat ustezko gatazkaren kudeaketa errazagoa eta merkeagoa izatea eragin du”.

Mendebaldeak 75 urte hauetan palestinar borroka despolitizatu du eta laguntza politiketan garbi islatu da hori. Arafehrek dioenez, “arazoaren sintomei begiratu diete, oinarrizko kausa, hau da, israeldar erregimen okupatzailea, baztertuz".

Inflexio puntua?

Aurtengo maiatzaren 15ean 75 urte bete zituen Nakbak eta NBEk lehenengoz ofizialki egin zuen oroitzapena. 2022an hartu zuen erabakia erakundeak, baina 30 herrialdek baino gehiagok, tartean AEBek, ezezkoa bozkatu zuten. Diplomazialari israeldarrak hainbat gobernuri presioa egiten aritu ziren ekitaldia bertan behera utz zezaten. Azkenean, ekitaldia burutu zen, baina hainbat herrialdek ez zuten parte hartu, besteak beste, AEBek eta Erresuma Batuak. Keinu partziala eta hutsala izan zela are garbiago geratu da azken asteotan; "historia ukatzen jarraitzen dute", Frederick Deknatel DAWNeko (Democracy for the Arab World Now) kideak.

Gainera, Nakbaren urteurrenarekin bateratsu, Israelgo estatuak ere 75 urte bere zituen, eta hor bai Europar Batasunak garbi utzi zuen bere jarrera; Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek adierazi zuen Israelek duela 75 urte “basamortua literalki loratzea” lortu zuela, ezerezetik sortu balitz bezala, Palestina existituko ez balitz bezala, eta Nakba gertatu izan ez balitz bezala.