argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Gu
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko azaroaren 21a

Bada herrialde txiki bat, basamortuz inguratua, mundu guztiari lezio bat eman diezaiokeena: ura nola kudeatu, nola berrerabili, nola garbitu, nola lortu. Eskasiak egiten gaitu birtuoso, eskasiatik industria, eskasiatik sukaldaritza, eskasiatik herrialde txiki hau oasi egiten duten teknologiak. Ura birziklatzeko munduko instalazio handienak dituzte,  irrigazio sistema egokiak, gatzgabetzeko instalazioak, airea ur bilakatzeko teknologia... Saltzeko ere badute ura, soberan, beraz, ondoan urik gabe bizi direnei (baita gainerako mundu osoari ere, Eden izeneko paradisu botilatuetan). Lehen munduko edozein herrialdek bezala, bere estrategia berdeak ditu Israelek, Mendebaldeko beste edozein herrialdek bezala, ustiatzeko hirugarren mundu bat duelako. Gertuegi, beharbada. Berdea gorri bilakatzen den muga horretan, hain zuzen.

Ez dakit non adosten den nongo plastikoa, nongo behiak, nongo kotoia edango ditudan nik. Ziur, gero eta gutxiago uzten ari naizela nire gauzak fabrikatzeko bere ura erabiltzen duen herrialdeari, gero eta gutxiago, gutxiago dagoenez. 1993an Oslon adostu genuen, denbora batez, Israelena izango zela ur partekatuaren (txisteak berehala hasten dira) %80, eta palestinarrentzat %20. Beraz, legezkoa litzateke urte hauetan guztietan Israelek palestinarrak uraren %20arekin uztea: ez dute egin, noski. Gutxiago utzi diete.

Palestinarrek, guk nahi bezala, guk nahi ez bezala, hori ere geuk erabaki behar dugunez, esan dutenean “aizue, begiratu hona”, Israelek milaka hiltzeaz gain, ura moztu die (duten apurra), eta barregarria da Borrell haserre ikustea, “ura etetea nazioarteko zuzenbidearen aurka doa”. Eten hori amaitzen denean, palestinarrek jarraituko dute ura lortzeko azpiegiturak egin ezinik, egindako apurrak nola suntsitzen dizkieten ikusten, ura lapurtu dienari ura erosten... Guk jarraituko dugu ura edukitzen, jarraituko dugu Israelgo kontu berdeetan inbertitzen, jarraituko dugu europar, mugak urrun, berdeari gorria ikusi gabe, eta beldurra emango digu boikot esateak, genozidio... Beldurra emango digu esateak, esan behar dena. Norbait soberan dagoela. Eta Israel bada, agian...