argia.eus
INPRIMATU
Macarena Arrieta Manterola. Hara begira
“Gazte askok Palestina mapan kokatu ere ez dute egiten”
  • Arrieta oriotarra duela hiru urte hasi zen lanean UNRWAn, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzian. 1948ko Nakbaren ondoren, 700.000 errefuxiaturi laguntza emateko sortu zen erakundea. Euskal Herrian, Arrieta ikastetxeetan aritzen da belaunaldi berriei Palestinaren historia eta gaur egungo egoera azaleratzen, beti ere hemen bizi diren palestinarrekin batera. Elkarrizketa Israelgo eta Palestinako azken gertakariak baino lehenago egindakoa da. 

Aitziber Zapirain Etxaniz @ZapirainEtxaniz 2023ko azaroaren 22a
Argazkia: Pello Maudo Herrero.
Argazkia: Pello Maudo Herrero.

Nola azaldu nerabeei zer gertatzen ari den?
Testuingurua beti hartzen dut kontuan, eta kasu honetan, egungoaz gain, testuinguru historikoa ere ezinbestekoa da. Gazte askok Palestina mapan ez du kokatu ere egiten. Gaza, agian, eta justu-justu. Palestinar errefuxiatuekin jarduten dugu zuzenean, Euskal Herrian bizi direnekin, eta nirekin etortzen dira ikastetxeetara. Hori da, nire ustez, benetako historia ezagutzeko modurik erakargarriena, ahoz aho, bertakoekin.

Badute kuriositatea euskal gazteek?
Baietz esango nuke, baina kontatzen ez bazaie, erakusten ez bazaie, ez dute jakinen. Mass mediek kontatzen duten apurra baino ez dakite eta hori ere askorik ez. Gu Zisjordaniaz eta Gazaz aritzen gara bereziki. Zisjordanian, 2002. urtean eraikiriko 700 kilometroko harresia dagoela esaten diezunean, checkpointak, etengabeko presentzia militarra, ibilbide laburra litzatekeena oztopo horiek guztiak gaindituz egin behar dutela ikustean, harritu egiten dira gazteak, noski.

Gazak bizi duen blokeoaren berri ere gutxik dute. Ezin atera eta ezin sartu bizi direla jakiten dutenean, zuzenean palestinar errefuxiatu baten ahotik, haien egunerokoa irudikatzea errazagoa zaie nerabeei.

Macarena Arrieta "Ahlam. Bizitza batekin amestuz' komikia hostokatzen. Ikastetxeetan tresna moduan erabiltzeko argitaratu dute. Libanon errefuxiatuta dauden lau emakume dira protagonistak. Argazkia: Pello Maudo Herrero.



Ahlam. Bizitza batekin amestuz komikia tresna gisa atera duzue.
Bai, lan metodologia erakargarria erabiltzea, gaurkotua erabiltzea ezinbestekoa da. Komikia bada tresna eraginkorra. Mezuak sinpleak dira, zuzenak, eta irudien bidez osatua egoteak asko laguntzen du.

Azken hori osatu ahal izateko, Libanon errefuxiatuta dauden 20 emakume palestinar baino gehiagorekin hitz egiteko aukera izan genuen. Azkenean, lau dira liburuko protagonistak: Ahlam, Hiba, Wahida eta Rawaa. Askotariko adin, lanbide eta kanpalekutako errealitatea azaleratu nahi izan dugu. Haien kontakizunetik abiatuta, hango eguneroko bizitza azaltzen du komikiak.

Rawaa, adibidez, gizarte zerbitzuetan jarduten duen emakume bat da. Wahida, Siriako gerratik ihes egin zuen emakume bat da. Sirian, jada, errefuxiatua zen, eta beraz, bigarren aldiz errefuxiatu behar izan zuen orain dela hamar urte. Hibaren bidez aldiz, neska gazteen bizitza agerrarazi nahi izan dugu. Kirola da bere pasioa eta emakume izate soilagatik gainditu behar dituen hamaika oztoporen berri ematen du liburuak.

Azken batean, Libanon zein egoera humanitario duten kontatzen du. Beste bizitza baten ametsa edukita bizitzea zer den adierazi nahi izan dugu, beti ere, eurozentrismoa apurtu eta emakume horiek berdinetik berdinera tratatu eta begiratuta.

Eurozentrismoa edonon…
Bai, zoritxarrez. Kontrakoa uste badugu ere, Libanon esate baterako, eta beste leku gehienetan ere, emakumeak antolatuta daude. Ez dira biktimak. Badute hitza. Gure iruditerian emakume arabiarra zapaldua da, ez-jakina, isila, denak berdinak dira... eta ez. Hori da, hain zuzen ere, ikastetxeetan lantzen duguna. Hori bera apurtzea da erronka. Metodologiak erakargarria izan behar du, ordea, nerabeak “harrapatzeko”. Horregatik jarduten dugu zuzeneko lekukotasun, bideo eta komikiekin, besteak beste. Ikusten dute emakume palestinarrak Instagramen aritzen direla, youtuber direla, eta aurreiritziak erabat apurtzen dira.

Komikiak kontatzen du lau emakume errefuxiatuek Libanon duten bizitza eta dauzkaten ametsak. Argazkia: Pello Maudo Herrero.



Libanoko errefuxiatuekin lan egin izan duzu.
Lan bidaia bat egiteko aukera izan dut. Esan daiteke han daudela errefuxiatu izateko baldintzarik okerrenak, eta han daudenak bizi direla egoerarik okerrenean: langabezia tasa handia, inflazioa, immigrazio irregularra, ihes egin nahi eta ezin. Errefuxiatu estatusak ez du askorik bermatzen. Oso kanpaleku populatuak dira, lur zati soil bat, plazarik gabe, parkerik gabe… hormigoizko etxebizitza altuak, gora hazi behar baitute bai ala bai, espazio faltagatik.

Emakumeekin jardun nuen nik, egunerokoari aurre egiteko sekulako estrategiak garatzen dituzte. Sukaldeak oso garrantzitsuak dira, adibidez. Bertan antolatzen dira, bertatik egiten dute gastronomia, jakintza eta kultura palestinarraren transmisioa. Berebiziko garrantzia ematen diot horri, noski. Ordainpeko lana ere lortu izan dute, enpresa txikiak sortuz.

Hara joan ohi garenean, ikastera goaz, baliabide materialak eskaintzera, beraiekin batera jarduteko. Ez goaz ezer irakastera. Badakite, eta gu baino askoz gehiago! Hemen ez dago gu eta haiek. Denok gara gu. Nazioarteko kidetza ikuspuntutik jardutea oso garrantzitsua da. Parekotzat hartzen dugu elkar.

Ezjakinak gara.
Oso ezjakinak gara eta dena nahasten dugu, musulmanak, arabiarrak, denak nahasten ditugu!
Titular soilekin eta pare bat irudirekin konformatzen gara, eta uste dugu jada badakigula, eta ez! Zenbat aldiz esan ote dut badagoela musulmana ez den arabiarrik, eta alderantziz! Testuingurua, hainbat iturritatik datorren informazioa eta jakintza gosea berreskuratu behar ditugu, munduan benetan gertatzen ari dena ulertzeko.

Ezjakinak eta arrazistak

“Sei milioi pertsona errefuxiatu palestinar daude munduan barrena, eta gehienak, han daude: Zisjordania, Gaza, Jordania, Siria eta Libanon. 'Errefuxiatu' hitzaren aurretik 'pertsona' erabiltzen dut, sarri migratzaile edo errefuxiatu hitzaren inguruan etiketa moduko bat sortzen dugulako gure iruditerian, zenbaki bat bailitzan, eta pertsonak direla ahazten dugu. Zu eta ni bezalakoak, bizirautearen gurpil zoroan bizi direnak. Alabaina, asko antolatuta daude, badute hitza, eta ez ditugu bigarren mailakotzat hartu behar. Eurozentrismoa oso kaltegarria da, ikuspuntu arrazista du eta ezjakin hutsak gara. Hori iraultzen ahalegintzen naiz ikastetxeetan, gizarte eraldaketarako hezkuntzan”.