argia.eus
INPRIMATU
Israelen gezurrak
  • Gerra eta gezurra bat doaz eta Israelek historikoki erakutsi du gezurra maneatzeko duen abilezia. Azken egunotan ere, batere garbi ez dauden Israelen bertsio ofizialak asko zabaldu dira.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 21

Ospitaleei erasoak. Urriaren 17an al-Ahli ospitaleak jasandako bonbardaketak ehunka hildako utzi zituen eta Israelek palestinarrei leporatu zien erasoa. Israelgo Gobernuaren arabera, Palestinako Yihad Islamikoaren misil erratu batek jo zuen ospitalea; Hamasek ukatu egin du eta Israelgo armadari egotzi dio erasoa. Bai Al Jazeerak, bai The New York Timesek gerora egin duten ikerketek erakutsi dute Hamasen misila (Israelgo Gobernuak seinalaturiko misil erratua) ez zela izan ospitalea suntsitzearen erantzulea.

Ospitaleak, Hamasen gotorleku? Azaroaren 15ean, Al-Shifa Gazako ospitale nagusian sartu ziren Israelgo indar armatuak, goitik behera miatzeko. Soldaduek ospitaleko langile eta pazienteak oldarkor galdekatu zituzten, hainbat lagunen kontra tiro egin zuten, ospitaleko pasillotik ateratzen saiatu zirenean. Ospitalean Hamasen tuneletarako sarrera dagoela eta bertan bahituak dituztela, hori izan da Israelgo indar armatuek eman duten argudioa, baina tunelak ez dira agertu, eta ospitalean Hamasen tunelak daudela zioen erizain baten bideoa, aktore batek grabatutako bideoa dela frogatu da.

Hamasek burua moztutako haurrak. Urriaren 7ko erasoan, Hamasek bahituak bortxatu eta umetxoei burua moztu ziela zabaldu zen lau haizetara, frogarik gabe. Israelgo soldaduen bertsioa Benhamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak baieztatu zuen, eta atzetik Joe Biden AEBetako presidenteak errepikatu, berak ere argazkitan ikusi zuela. Gutxira, ordea, Bidenek gezurtatu behar izan zuen halako irudirik ikusi zuenik.

Urriaren 7an gertaturikoa. Urriaren 7an, Hamasek erasoa egin zuen Israel hegoaldean eta Israelgo agintarien arabera, 200 bat herritar bahitu zituen eta 1.400 inguru hil. Ondoren jakin da, ordea, Israelgo indar armatuek eurek ere hil zituztela herrikideak. Besteak beste, Beeri Kibbutzeko segurtasunaren arduradunetako batek, Tuval Escapa-k, adierazi du bahituen etxeak bonbardatzeko agindua jaso zutela israeldarrek, Hamaseko kideak hiltzeko helburuz, baina ekintza horrek herritar israeldarrak hiltzea ekarri zuen eraikin israeldarren aurka ere eraso egin zuten indar israeldarrek, Hamasek eraikinak hartu zituztelako, baina bertan israeldar soldadu eta langile ugari lanean ari ziren une horretan. Hamaseko kideekin tiroketa gurutzatuan, militar israeldarrek herritarrak hil zituztela ere (tartean Hamasek bahiturikoak) aitortu dute lekuko israeldarrek.

Ez da lehen aldia. Aurretik ere, ohikoa izan da gezurraren erabilera Israelgo agintarien eskutik. Shireen Abu Akleh Al Jazeera-ko kazetari ezagunaren kasua, esaterako, asko hedatu zen. Hasiera batean, militante palestinarrek hil zutela esan zuen Israelgo armadak, eta hilabeteak eta gero, ikerketek inguratuta, seguruenik Israelgo soldadu baten tiroa izan zela onartu zuten. Ikerketak erakutsi zuen soldaduak apropos egin ziola tiro burura kazetariari.