argia.eus
INPRIMATU
Auschwitz, Gaza
Sionismoa miresten zuen naziari buruzko oharrak
Hedoi Etxarte 2023ko azaroaren 22a

1946an 50 urte betetzen ziren sionismoaren fundatzailea izan zen Theodor Herzl-ek Der Judenstaat (Juduen Estatua) argitaratu zuenetik. Sortu berria zen Commentary aldizkari judu liberaleko editoreek Hannah Arendti testu bat eskatu zioten Herzlen liburuaren urteurrenaren aitzakiarekin. Auzia zen urtebete lehenago Arendtek Commentary-ren erredakziora bidalitako Zionism Reconsidered (Sionismoa berriz pentsatuz) testua ez zutela argitaratu. Arendtek zergatia zein zen galdetu zienean, Clement Greenberg editoreak erantzun zion “testuak inplikazio antisemita gehiegi zeuzkala, ez [Arendtek] hala nahi zuelako, baizik eta irakurle etsaikorrek hala interpreta zezaketelako”.

Greenergen erantzuna, ordutik gaur arte, oso zabalduta dago Israelgo Estatuaren defendatzaileen artean: sionismoari egiten zaion kritika oro antisemitismotzat jotzen da. Baina Arendtek sionismoarekin gero eta nabarmenagoa zuen distantzia atzetik zetorren, “mende erdi atzera ideal altuak zeuzkan” proiektu bat izango zen, akaso, sionismoarena, baina 1940ko hamarkadan “zeharo ahazten zituen Ekialde Hurbileko errealitatea eta munduaren gaiztakeria”, proiektu chovinista bat zen eta ez zen “juduen etsaien aurka eraikitzen ari, baizik eta [juduen] balizko lagun eta auzokideen aurka”. Hamarkada batean zehar landutako kritikak jaso zituen Sionismoa berriz pentsatuz artikuluan: juduen liderrek traizio egin zioten beren herriari eta naziekin kolaboratu zuten, ez zuten garaiz –1935ean– mobilizaziorik sustatu, oniritzia eman zioten naziekin Palestinarako ebakuazioak antolatzeari. Arendtek nabarmendu zuen II. Mundu Gerra eta geroko mundua inperiala ala federala izango zela eta bigarren aukerak soilik ekarriko ziela onura juduei. Lehenengo formak irabazten bazuen juduen Estatua atzerriko inperioen interesgune bat besterik ez zen izango. Artikulu hura, azkenean, Menorah Journal aldizkari literario ez-sionistan argitaratu zuten, 1945ean.

Naziek eta sionistek helburu partekatuak zeuzkaten: naziek juduak ebakuatu nahi zituzten, eta sionistek jendea behar zuten Palestina kolonizatzeko

Sarritan, historiako krimenik handiena naziek egin zutela onartzen den markotik esaten da Israelgo Estatuak naziek egiten zutena egin duela: genozidioa, garbiketa etnikoa, apartheida. Presente izan behar da, ordea, Arendtek berak adierazi eta Aimé Césaire eta negritudeaz pentsatu zutenek nabarmendu zuten bezala, “krimenen krimena” izan zen holokausto judua, azken batean, kolonietan “basatien” kontra sistematikoki egiten zena zurien kontra egitea izan zela.

Israelgo Estatuaren barne eta kanpo narratiban oso toki ezberdina hartu izan du nazismoak. Ia 1960ra arte, holokaustoan hildakoak ez ziren heroitzat hartzen, are kontrakoa. Baina Alemaniak Israeli ematen zizkion kredituak bukatzen ari ziren eta Ben-Gurionek botere krisi nabarmen bat zuen eta hala erabaki zuten Eichmann Jerusalemera eraman eta epaitzea (ziklo hura 1967ko Sei Eguneko Gerrarekin itxiko zen).

2023ko azaroan gaude eta Gazan armada sionistak hilabete batean 10.000 zibil hil ditu, erdiak haurrak. Bereziki interesgarria da uneotan Arendten Eichmann Jerusalemen irakurtzea, baina modu alternatibo batean: liburuan sionismo ala sionista hitza agertzen den 61 biderren bidez. Hitz horiek agertzen diren aldiro bi alderdi nabarmentzen dira. Batetik, “azken soluzioa” erabaki eta antolatu zuen Adolf Eichmann proiektu sionistaren zale bat zela garbi geratzen da (Juduen Estatua irakurri zuenetik Herzlen zale handia zen: 1939an Herzlen hilobia profanatzearen kontra jardun zuen, besteak beste). Gainera, nazientzat sionismoa win win bat zen: juduak Europatik egozten zituzten eta, gainera, segun nork gidatzen zuen operazioa, III. Reicha arioen aberria izango zen bezala izango zen Israel juduena. Bestetik, Eichmannek lagun juduak zeuzkala nabarmentzeaz gain, behin eta berriro aldarrikatu zuen heriotzara kondenatuko zuen epaiketan, Alemania eta Europa Ekialdeko erakunde sionistekin (Hungariakoa izan zen, akaso, nabarmenena), harreman zoragarriak izan zituztela. Are gehiago, helburu partekatuak zeuzkatela: naziek juduak ebakuatu nahi zituzten eta sionistek jendea behar zuten Palestina kolonizatzeko.

Ez da errazkeria bat, ez da tokiz kanpoko alderaketa bat, nazismoak eta sionismoak ibilbide partekatu bat izan zuten, Eichmannen aurkako epaiketan agerian geratu eta Arendtek bere liburuan jaso zuen bezala.