argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Gogoratu
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko azaroaren 08a

Bazen pertsona bat, gaztea zela uste zuena duela gutxira arte, arriskugabea iritzi zion elkarrizketa batean sartu zena, inolako prebentziorik gabe. Beraz, erreparorik gabe hasi zen bere lehen etxebizitza konpartituei buruz hizketan, elkarrizketakideak ezagutuko ez zituelakoan. Kontua da ezagutzen zituela, eta kontua da gogoratu ere, berak baino hobeto gogoratzen zituela, eta kontua da gogorarazi egin zizkiola berak bere kabuz aspaldian gogoratu gabekoak. Eta, batez ere, pertsona horrek bere burua ikusi zuela ahanztura horietan definituta.

Giza ale hori nahiko irakurria zenez, Flauberten aipu bat etorri zitzaion gogora, hark maitasun-gutun batean idatzita utzi zuena. Zioen, gutxi gorabehera, maitasuna jakin-min mota goren bat dela. Beraz, ondorioztatu zuen, jakin-minez maitemintzen garela. Beraz, pentsatu zuen, maitemina sortzen zioten kontuak gogoratuko zituen, jakin-mina sortzen zioten pertsonak. Eta ez-gogoratzen zuen pertsona horren garaiko nor gogoratzen zuen errepasatzen hasita, ohartu zen bera ere iragarkietako distira kapitalistatik ez hain urrun ibili zela bere filia ustez alternatiboak eratzeko orduan. Alegia, altu hitz egiten zuten, asko mugitzen ziren, iritzia maiz ematen zuten, irribarre/negar egiten zuten, zaratatsuak ziren, distiratsuak, indartsuak ziren... 

Bazen pertsona bat bere bizitzako pertsona isil bat gogorarazi ziotena; lotsatu egiten zena, ez zuena hitz egiten, ez zuena irribarre asko egiten, ezta negar ere, isila zena, ez zena asko mugitzen... Ordurako gaztea ez zela onartuta, errazagoa izan zitzaion bera izan zen gazte hura zein estupidoa izan zen ikustea: isilik begiratzen bazion ez baitzen iritzirik ez zuelako; entzun izan zion bakanetan esan zuena, pertsona indartsu batek esana baitzirudien; isilik ere, ez zuelako inoiz injustiziarik isildu. Izan ere, isiltasun temati hori zen adimen erakustaldi handiena, isiltasun temati hori zen iragarkietako zoriontasun estupido horren ifrentzu behinena. Bazen pertsona bat ohartu zena bere gaztetako jakin-mina azalekoagoa zela uste zuena baino; bazen pertsona bat ohartu zena gaizki maitemindu zela; bazen pertsona bat, oharkabean pasa zitzaizkion pertsonez ohartzen hasi zena; bazen pertsona bat, oharkabean joan zitzaion bizitzaz ohartu zena.