Larrialdi klimatikoaz ohartarazten gaituztenean entzungor egiten dugu maiz, munduaren parte honetan bizitze hutsagatik ondoriorik sufrituko ez bagenu bezala. Errealitatea ordea, burugogorra da.
Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziar "hil berriari" azken agurra eman diote frantziar Alpeetan, hileta sinboliko batekin, duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egin zuten moduan. Frantziako Estatuan, Sarennekoa da gisa honetako omenaldia jaso duen lehenbiziko glaziarra. Ez da azkena izango, zientzialariek ohartarazi dutenez. 3.000 metroko garaieran kokatua, ehun urte pasatxotan haren zabalera 124 hektareatik ia hutsera pasa da. "Azken urteetan abiadura askoz ere biziagoan urtu da", nabarmendu dute glaziologoek.
Bestetik, Iratiko eski estazioan, iraupen eskia egiteko aukerarik ez da izango datorren denboraldian, klima aldaketa dela-eta. Txaleten zuzendari Josy Arrossagaray-ren hitzetan, "eguraldia aldatzen ari da han goian", eta haize ufadek eta tenperatura aldaketek zaildu egiten dute elurrarekin lan egitea. Iraupen eskia egiteko pistak itxiko dituzte, ez ordea erraketekin ibiltzekoak. Eta, Pirinioetan ere bai, Ordesako Parke Naionalean, Monte Perdidoko glaziarra bitan zatitu dela irakurri dugu egunotan.
Gisa honetako albisteek, ziurrenik, zientzialariek emandako datuek baino gogorrago astintzen dituzte kontzientziak, zenbakiak gero eta ozenago mintzo diren arren egoeraren larritasunaz. Esaterako, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC) arabera, elur artifizialik gabe mendilerroko estazioen %63k itxi egin beharko luke hemendik urte batzuetara, eta hura baliatuta ere, hirutik baten patua desagertzea da.
Okjökull glaziarra zegoen lekuan plaka bat jarri zuten 2019an, etorkizuneko biztanleei zuzendutako mezuarekin: “Datozen 200 urteetan gure glaziar guztiek patu bera izan dezakete. Plaka honek erakusten du badakigula zer gertatzen ari den, eta zer egin beharko genukeen. Soilik zuk dakizu zegokiguna egin genuen ala ez”. IGS elkarteak egindako ikerketa baten arabera, 2100 urtera bitartean Alpeetako glaziarren %90 desagertuko da. “Aurreikuspen beldurgarrion aurrean, badira ekosistema babesteko ahalegina egin nahi dutenak, baina baita elur-jardueretan inbertitu nahi dutenak ere, saihestezina dena atzeratu nahi dutenak elur artifizialeko kanoi eta azpiegitura iragankorrak baliatuta”, idatzi du Laurie Deboyek La Relève et La Peste gunean.
Datozen urteetan planeta sobera berotzea nahi ez badugu, CO2 emisioak murriztea ezinbestekoa dela gogorarazi digute Londresko Imperial College unibertsitateko zientzialariek. Alferrik gabiltza entzungor egiten.