argia.eus
INPRIMATU
Umorea
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2023ko azaroaren 02a

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden gatazka guztiak ikusita. Gaitza da amorru eta egonezinari eustea. Saihetsezina da salaketa eta tristura teklatuaren zirrikituetatik ateratzea, eta letra hauetan agertzea.

Halere, iruditzen zait umorea ezinbestekoa zaigula bizirauteko, aurrera egiteko. Nire kasuan hala da, behintzat. Barrea eta irribarrea babeslekua zaizkit, nahitaezkoak egunerokoari aurre egiteko.

Egia da ez direla sasoi egokienak irrietarako. Esperantza bako etorkizuna marrazten zaigun aroa da bizi duguna, deskalabrua nonahi. Gainera, itxaropena apropos kendu digutela begitantzen zait, pasibotasunean murgil, bertan goxo geratu, eta paralisiak jota, jarki ez gaitezen.

Beraz, barrea eta irribarrea desesperantzaren kontrako arma bihurtu behar genituzke, benetako esfortzua eginda, konbentzimendu osoa dudalako umorea izan litekeela txisparik iraultzaileena.