Zer iritzi daukazu Afganistango gaur egungo egoeraz? Nola doakio behin Gaddafirena izandako Libiari? Grezia nola dabil Europak salbatu zuenetik? Ei, eta Venezuela? Guaido da Venezuelako presidentea? Irakeko demokrazian nola bizi da jendea? Nikaraguako diktadura hura? Ez da jada? Eta Ukraina? Hirugarren Mundu Gerra eragin behar zuen Ukraina? Non dago gizontasun zahar-berriaren ikur, Zelensky? Testuinguruz kanpo, gai zinateke jada, "Zelenskyk esan du", izena identifikatzeko? Zerk eskandalizatzen zaitu orain? Zeri buruzko iritzi irmoa daukazu?
Jakina da, ez zaigu esaten zer pentsatu bakarrik. Noiz eta nora begiratu behar dugun ere esaten zaigu. Eta, nola ez, gurerako ere garrantzia du nazioarteko panoramak. Eta gurekin zerikusirik ez balu ere arreta jarri behar genioke, humanitate hutsez. Nola ez kezkatu Palestinaz. Noski. Nola ez kezkatu Ukrainan erakutsi zizkiguten irudiez. Umeak ikusten ditugu. Umeek zauritzen gaituzte. Baina Palestina ere itzaliko digute. Eta ez digute piztuko Israelek nahi arte. Eta pizten digutenean, palestinarren ekintzaren bat baloratzeko izango da, ea zer tamainako zigorra merezi duten, zigorra neurrikoa den. Bestela ez ligukete jarriko.
Berez, gatazka horiek guztiek ematen digute aukera geure buruei begiratzeko, baina epaile sentitzen gara, goitik begira. Geure buruei ez begiratzeko diseinatzen baitizkigute. Geure inguruari. Geure arazoei, geure arazoen iturri berari, arazo horien iturri, gu. Begira dezagun itzaltzen digutena, gauzak ez dira egoten argitzen dizkiguten lekuetan.