argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Zenbat balio du
Ula Iruretagoiena 2023ko azaroaren 02a

arkitekturako ikasketak burutzeak unibertsitate publikoan? Galdera Donostiako EHUko arkitektura fakultatean ikusitako kartel batek egiten du. Kartelean ikasgaiak aurrera eramateko material eta tresnen zerrenda bat ageri da, eta atal bakoitzari prezio bat gaineratu zaio. Eraikin baten eraikuntza kostuen aurrekontu bat egiten den modu bertsuan. Arkitekturako ikasketek beste ikasketa batzuek baino gastu gehixeago suposatzen dute. Arkitekturaren marrazketa-digitalizazioak asko sinplifikatu du beharrezkoa den materiala (rotring, paralex, eskalimetro antzinako eskuz marrazteko tresna zaharkituak dira), baina ikasgai askotan marrazten, inprimatzen eta maketak egiten dira tresna klasikoekin eta garaikideekin. Eskuzko materiala txikitu bai baina digitalizazioak programa informatikoak eskuratu eta erabiltzen jakitea aurreikusten du, eta horretarako ez dago baliabide publikorik. Bestalde, arkitekturako liburu eta aldizkariak bereziki garestiak dira, marrazkiz josita daudelako. EHUk liburutegi oparoa dauka, baina fakultate guztien liburutegiak eraikin bakar batean jartzeak liburutegia urrundu egin zuen eguneroko erabileratik.

Arkitekturako ikasgaiek eskatzen dituzten baliabide ekonomikoak ez dira hausnarketa-leku. Irakaslegoak ez du ikasgaiaren planteamenduan kostu ekonomikoaren baldintza aintzat hartzen, eta beraz ez da laguntza ekonomikoen iturririk sortzen, onarturik baitago familia edo ikasleen lanaren diru-iturriek osatuko dutela gainkostua. Edo oraindik sinesten da arkitektoek elite ekonomiko bat osatzen dutela, familia dirudunen leinuko, geletako errealitatea hortik urruti dagoen arren. Ikasleek akaso ez dakitena da, arkitekturako praktika profesionalak ere diru-inbestitze handiak eskatzen dituela. Elkargokidetza eta erantzukizun zibilerako asegurua gastu iraunkorrak dira, edozein bulegoren ohiko gastuei gaineratu behar zaiena. Argi dago arkitekturako ikasgeletan diruari buruzko elkarrizketa asko egiteke daudela.