Nature aldizkarian argitaratu berri duten lan batean, duela 14.000 eta 2.400 urte arteko 3.500 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, indarkeria seinaleen bila, egitura politikoen garapenak gizakien arteko indarkerian nolako eragina izan zuen aztertzeko.
Ekialde Hurbila, duela 6.400 urte. Ohi baino klima lehorragoak urbanizazio prozesua bultzatu zuen. Biztanle asko landa guneetatik Kobre Aroko herrixketara joan zen, eta eliteen arteko gatazkak areagotu ziren baliabide urriak lortzeko. Garai hartan lehen estatuak sortu ziren; oraindik ez zuten indarrik biztanleen arteko gatazkak kudeatzeko, eta gainera taldeen arteko gatazka zabalagoak ugaltzen hasi ziren. Hala, garai horretan indarkeriazko heriotza kopururik handiena iritsi zen.
Joerg Baten, Giacomo Benati eta Arkadiusz Sołtysiak ikerlariek Nature aldizkarian argitaratu berri duten lanaren ondorioetako bat da hori. Duela 14.000 eta 2.400 urte arteko 3.500 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, indarkeria seinaleen bila, egitura politikoen garapenak gizakien arteko indarkerian nolako eragina izan zuen aztertzeko.
Duela 14.000 urte komunitate ehiztari-biltzaileetan indarkeria maila nahiko apala zen, ziurrenik populazioa txikia zelako eta barreiatua zegoelako eta gatazkak saihestea errazagoa zelako. Neolitoan biztanle-dentsitatea txikia zen oraindik, baina, ikusi bezala, duela 6.400 urte etorri zen aldaketa. Estatu antolakuntzaren lehen urratsekin batera, ikerlanak hartzen dituen 12.000 urteko tarteko indarkeria mailarik handiena iritsi zen.
Estatuek antolakuntza hobetu zuten, zergen bidez baliabideak lortu zituzten eta indarkeria soziala errazago kontrolatzeko gai izan ziren, biztanleak hobeto asebeteta. Kontrol militarrak lagundu zuen horretan, baina baita kooperazioa bultzatzeak ere
Baina handik aurrera, hurrengoa 1.500 urtetan, heriotza biolentoen kopuruak behera egin zuen. Estatuek antolakuntza hobetu zuten, zergen bidez baliabideak lortu zituzten eta indarkeria soziala errazago kontrolatzeko gai izan ziren, biztanleak hobeto asebeteta. Kontrol militarrak lagundu zuen horretan, baina baita kooperazioa bultzatzeak ere. Ekitaldi erlijiosoen, tenpluen eraikuntzaren eta beste ekintza batzuen bidez, pertenentzia sentimendua areagotzea eta gatazkak gutxitzea lortu zuten. Ogia eta zirkua, esango zioten geroago erromatarrek.
Indarkeriak berriro egin zuen gora duela 3.500 urte, Burdin Arorako trantsizioan. Hiru mendez luzatu zen lehorteak migrazioak eta baliabideen urritasuna ekarri zuten, hau da, indarkeriarako bazka. Eta, gainera, superpotentzia militarrak sortzen hasi ziren, hala nola Asiriar Inperioa, kanpaina militar bortitzak eta deportazio masiboak eragin zituztenak.
Ikerlanak garbi uzten du giza izaerak kooperaziorako nahiz indarkeriarako joera berezkoak dituela eta, hainbat elementu gorabehera, bata ala bestea nagusitzen direla. Giacomo Benati historialariaren hitzetan, “orain badakigu antolakuntza instituzionalak eta sistema arautuek gatazka kudeatzen eta indarkeria gutxitzen laguntzen dutela, eta klima aldaketak nahiz urbanizatze prozesuek, aldiz, indarkeria areagotzea ekar dezaketela”. Eta ikerketak duela milaka urte gertatutakoak aztertzen baditu ere, indarkeria bultzatzen duten bi osagai horiek indar betean daude gaur egun.