argia.eus
INPRIMATU
Eutsaga
IƱaki Murua 2023ko azaroaren 02a

Gure baserrietan, duela ez hainbeste, belar ondua, idorra, iharra… ganaduentzat ganbarara eramateko gurdia kargatu (hala moduzko leku edo bide malkartsua izaten zen askotan) eta 3-4 metro luzeko haga erabiltzen genuen, gurdi gainekoaren eta belar onduaren artean sartu eutsagaren muturra, eta pertsona sasoiko batek bere pisua eta indarra erabiltzen zuen, gurdia itzulipurdika maldan behera eror ez zedin.

Ahoskatzean, euts-aga euskara tankerakoak dira eta uste dut baduela gure hizkuntzak eutsagaren premia galanta.

Etxetik hasita hartzen dira ohiturak eta aukerarik ez denean ezin da, baina aukera eduki eta ez egitea baino eskasagorik ba ote? Etxea esatean bizitokia ez ezik esan nezake eskola, lantokia, herria… “Gabirian euskaraz bizi gara”, dio kolorea aski galdua duen kartelak eta “ere” bat idatziko nioke erdian. Euskarak ere bat jasan duela uste dut; erabilera gainbehera doalako, euskaraz ere bizi gara, zehaztuko nuke.

Zertarako Madrilen diputatuen ganberan euskara erabiltzeko ahaleginak, aurrena hemengo administrazioan, Gasteizen, aldundietan… ez badute, ohituraz, guztiek egiten? Eta ordezkari ezagun batek zioena erantsita: “Euskaldun berriok gehiago dihardugu euskaraz euskaldun zaharrek baino, haiek salto egiten dute erdaretara, eta guk eusten diogu euskarari, beharbada ikastea kosta zaigunagatik!”.

“Gabirian euskaraz bizi gara”, dio kolorea aski galdua duen kartelak eta “ere” bat idatziko nioke erdian. Erabilera gainbehera doalako, euskaraz ere bizi gara

Belar ondua aipatu dut, jakina, belar txarrak ezin ondu, etxeratu eta ganbaran gorde, ez baitute balio (h)aziendak behar bezala elikatzeko. Euskara ikasi eta ikusi nahi ez duenak, kultura euskalduna galtzen du eta indarra duten hizkuntzena lehenetsi, irentsi.

Estandarra, globala… denok berdintzen gaituen kulturaren atzean zein interes dauden ikusi behar, konturatzeko Black Friday, Halloween, Aita Noel, Pére Noël… aitzakia direla mundua negoziorako azoka bakar bihurtzeko, interesen kultura geurearen gainetik jarrita. Baina geurea ezagutzen ez badugu, gure mundu ikuskera galdu badugu, mundutar garela sinetsaraziko digute, zerbait gehiago delakoan. Zer ekarpen egingo diot munduari, biluzik, esku hutsik?

Ganbarak eta ganbarak daude eta ganbarako lana ekipoan egitea komeni da, bakoitzak bere ganbara nekatuaz, izenetik hasi eta edukia antolatzeraino, neguari aurre egin eta udaberriari kementsu ekiteko. Beno, negua ere… ez al digute lapurtu? Ala ezabatu? Geuk egin dugula? Orduan digute ordez dugu?

Animo, ezkur urte, elur urte!