Tentelontzia
Ana G. Lartitegui
Itzulpena: J. K. Igerabide
A fin de cuentos, Bilbao, 2023
-------------------------------------------------------------
Liburu hau irakurketa maila bat baino gehiago dituen obra paregabea da. XV. mende bukaeran idatzitako Tentelontzia edo Zoroen ontzia obra eta garai hartako hainbat ilustratzaileren lanak kontuan izanik, Lartiteguik haur eta helduentzako sorturiko obra zoragarria.
Liburu honetara iristen den haurrak umorezko istorio absurdoa ikusiko du. Tomate landare baten inguruko istorio bat oinarri izanik, hainbat egoera xelebrerekin disfrutatzeko aukera izango du haurrak; baita irudietan ageri diren elementu fantastiko, surrealista eta umoretsuekin ere. Izan ere, gazte batek tomate landare bat hartu eta idazki bat jartzen dionean (Tomateak hamahiru aletara iristean, kontatzen dituena desagertu egiten da bat-batean), tomate landare horren inguruko bidaia bitxi eta barregarriari ematen dio hasiera.
Baina, era berean, irakurle helduagoak gozatu egingo du tentelen hirian bizi zen mutiko bizkor horren ateraldiez eta, horiekin batera, egileak XV. eta XVI. mendeko hainbat ilustratzaileri egiten dizkien erreferentziak harrapatu nahian. Jeronimo Bosch (El Bosco), Desprez, Pietre Brueghel eta hainbaten erreferentziak ageri baitira obran zehar.
Liburuko irudi guztiek orrialde biak hartzen dituzte eta ederki islatzen dute duela bost edo sei mendeko giroa, baina horrez gain irudiek balio erantsia ematen diote testuari, zentzugabekeria, lelokeriari eginiko kritika, gertakari absurduen umorea eta satira ederki islatuta. Hori guztia horrela izanda ere, Lartiteguik album berrietako hainbat elementu erabiltzen ditu ekintzen mugikortasuna eta irakurlearen irakurketa plastikoa bideratzeko, hala nola pertsonaia bera hainbat aldiz agertzea ezkerretik eskuinera ekintzen dinamismoa adieraziz.
Tentelontzia liburu hau aparta eta paregabea dela esan dugu arestian. Irakurketa ugari egiteko modukoa da, eta istorioak duen umoreaz harago, une atseginak pasa daitezke irudietan ageri diren elementu satiriko, surrealista eta umoretsuak bilatzen.
Inork, gainera, hauetan guztietan sakondu nahi izanez gero, QR kode bat du hasieran, eta hainbat pista liburu bukaeran… jolasten jarraitzeko.