argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Palestina suntsitzearen negozioa
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko urriaren 27a
Palestinaren aldeko ekitaldi bat Iruñean. Argazkia: Ahotsa
Palestinaren aldeko ekitaldi bat Iruñean. Argazkia: Ahotsa

Euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an, Australia edo Kanadaren mailan”. “2023an 300 milioi inguruko negozio-bolumena aurreikusi dute” (Eustat). "Ekialde Hurbilean, Israel lehentasunezko bazkidea da ikasteko" (Jaurlaritzaren 2020ko Nazioartekotze Estrategia txostena).

Palestinaren suntsiketan interes ekonomiko partikularrak dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat enpresek; eta kasu honetan ere, politika publikoetan eragiteko boterea duten enpresak dira, instituzioetan botere politikoa dutenek aukera hori ematen dietelako.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak 2023. urte amaierarako eta 2024rako iragarri eta aurreikusitako jarduera ekonomikoaren bizkortzea, lurralde horretako Barne Produktu Gordinean islatuko da gainera. Hortaz, EAEn sortzen den aberastasunaren kalkulua egiterakoan, Gazan etengabe egiten ari diren sarraskia jaso beharko litzateke aberastasun iturri bezala. Sinplistegia irudituko zaio agian norbaiti irakurketa, baina hazkunde ekonomikoaren atzealdea bere osotasunean eta gordintasunean aztertzen badugu bederen, halakoak aurkituko ditugu.

Ez dago negozio hori justifikatzerik. Sortzen diren lanpostuak; enplegu horrek langileei ez ezik, gizarte segurantzari ematen diona; ekoizpen egitura eta industria sektore sendoa edukitzeak duen garrantzia gure garapen ekonomiko eta sozialean… ez dago heldulekurik. Badugu ordea zer aztertu eta zer pentsatu estatistika institutuek BPGaren datua eguneratu eta argitaratzen duten bakoitzean.

Jakina da bertan ez dela etxeetan egiten den zaintza lana jasotzen, eta herri ekimenek sortzen duten aberastasuna alboratzen duen datua dela. Baina batez ere, lehen aipaturiko hazkunde ekonomikoaren atzealde hori ezkutatzen du adierazleak. Nahita nahiez biluztu behar dugun eta argitara ekarri behar dugun atzealdea da, zalantzarik gabe.