argia.eus
INPRIMATU
Plaza publikoak
Eneko Gorri Gantier 2023ko urriaren 18a

Udako giroa luzatzen ari zaigu larriki, beroketa klimatikoaren aitzin gasta bat bezala. Baina zer inporta du horrek?! Goxo da kanpoko turistarik gabe, barne turismoa egitea gure herrian berean. Eguzkia, hondartza, mendia, lagun arteko ateraldiak, urriko feriak… Udako usaina duen udazken honetan, joan den neguan bizi izandako haserre batzuk ekarri nahi nituzke ondoko lerroetara.

Maite dut ihauteri garaia. Kaskarotak, libertimenduak, maskaradak. Zirtzilak, joaldunak, musikariak, bolantak, xuriak, beltzak… Oh, Pitxu, oh! Ez ditut maite gure kulturaren adierazpen molde bizia direlako bakarrik. Maite ditut haien alde subertsiboagatik ere. Antton Lukuk katarsia deitzen duena. Plaza eta hitza hartu, den-dena hankaz gora botatzeko, baldintzarik eta diplomaziarik gabe. Hau plazera! Hala ere, azken hilabeteetan agertu dira, ezker eta eskuin (bon, egia erran bereziki eskuin) isilpean pasa diren euskal kulturaren kontrako hainbat eraso.

Oraindik badira herri kulturari espazioa murriztu nahi dioten hautetsiak. Espazio publikoa gurea da. Okupa dezagun!

Lapurdi kostaldeko hiri frantses eta gaskoi bateko auzapez euskalfobo batek Olentzero, Mari Domingi, asto eta haurren desfilea debekatu zuen, eguraldi txarra argudiatuta. Hortik kilometro gutxira, Polizia bidali zuten, etxez etxe zebiltzan kaskarotei aitzineko asteetan ebasketen hobendunak ez ote ziren ikertzera. Beste herrixka horretan, San Pantzarren auzia baimendu, baina bere erretzea errotik debekatu zuen auzapezak, suhiltzailerik ez baitzen presente istripuen saihesteko (jendarmeak etorrarazi zituzten debekua aplikatua zela kontrolatzeko). Kostalderago joanez, Lapurdiko hiri horretan auzia sobera ez politizatzeko, hautetsiek dute testua idazten eta udaleko funtzionarioek aktore lana egiten (frantses hutsean, of course!). Eta oroit naiz ere, nola hiri burges horretako auzapezak hilabetean behin elkartzen ziren kantuzaleei plazaren okupazioa fakturatu nahi izan zielarik ere. “Normalean, espazio hau alokatzen dugu seminario, gertakari edo filmaketentzat –erran zion turismo bulegoko agenteak–. Baina hor zaretelarik, ezin dugu eta hiriak dirua galtzen du!”.

Adibide horiek irri egingarriak lirateke, ez balira euskal den ororen kontrako erasoaren baitan kokatzen. Karrakatuz gero, segur beste hamaika adibide atzemango genituzkeela, baina bakar bat ere ez udan: inportantea da plaza publikoan bizi den kulturaren karta postala turisten begipean agerian uztea, alo!

COVID-19 biharamunean, kanpoko terrazak hedatu ziren; geroztik, hor diraute. Bitartean, oraindik badira herri kulturari espazioa murriztu nahi dioten hautetsiak. Espazio publikoa gurea da. Okupa dezagun!