Inor ez gara kotillak. Denei molestatzen digute kotillek. Inori ez zaio inporta ondokoaren bizitza, gutxiago famatuena, bizitza aberats eta entretenituak ditugu, inori begira aritzeko. Norbaitek onartzen badu kotilla dela, dibertigarria izango da, maliziarik gabea. Kotillak ez garenak autonomoak gara beraz, independenteak: nork aldarrikatzen du normalean taldearekiko independentzia hori?
Kontua da inor ez garela kotillak, baina denoi iruditzen zaigula kuxkuxeroz inguratuta gaudela. Deseroso sentitzen garela ez soilik gutaz esango dutenagatik, besteagatik esaten digutenak kezkatu behar gintuzke batez ere, hor ezkutuan joango da lezioa, taldekoa izateko pasa behar ez den muga, zera egingo bazenu, edo egingo ez bazenu etorriko zaizun zigorra.
Beraz, telebistan edo aldizkarietan, botereak kotilleatzen duenean, zein balio transmititu nahi digute? Noiz bihurtzen da kotilleo saio bat arriskutsu, bertan behera geratzeko? Gorrientzat eta marikoientzat dela aldarrikatzen duenean, feminista dela, eta feminista izaten ikasiko duela. Sálvame kasu.
Zein esparru kotillekin okertu izan dugu muturra? Ile apaindegiak? Hernaniko garbitegia, kasu, esaten da, emakumeek beren kontuez hitz egin ahal zuten espazioa zela, baita politikoki antolatu zitezkeen lekua ere. Kotillak izango ziren? Kotilleoa izan daiteke autodefentsa mekanismo bat? Izan daiteke boteretik kanpo bizi denaren, eta komunikabiderik ez duenaren defentsa mekanismoa? Emakumeona? Horregatik mespretxatu dugu? Gure artean kotilleatzea da gizonen mundu honetan geure buruak babesteko modua? Beharbada bai. Kotillea dezagun, gure alde.