argia.eus
INPRIMATU
Gora Palestina eta Kurdistan askeak!
Itziar Moreno Martínez 2023ko urriaren 18a

Zer entzuten da gurean bi herri zapalduoi buruz? Nola ez, egunotan, Palestinak lerroburu handiak hartu ditu. Sutan dira azken ordukoak eta tertulistoak, palestinarren etxeak sutan diren bitartean. Kurdistanen, berebat, bonba-euria ari du; beraiek ez dute, ordea, gaurko titulu handien lekua hartu, Turkiak azken aspaldiko erasorik handienetakoa abiatu duen arren Rojavako hiri nagusien aurka.

Irakurri dut, halaber, zenbaitek idatzitako deialdia “eraso guztiak gelditzeko”, elkarrizketarako gonbita eginez, “gatazkak konpontzeko bide bakar” gisa. Aldiz, nekez lortzen da elkarrizketa bonbak buru gainera botatzen ari zaizkizunean. Ez dut ez dakigunik esango; urteak dira nola kurduek hala palestinarrek era guztietako gehiegikeriak pairatzen dituztela: mugikortasuna ukatzea, errefuxiatu eta presoen aurkako politika, haurren hilketa eta eskubide urraketa, lurren konfiskazioa, erlijioaren inposatzea, militarren probokazioak, beraientzat santuak diren lekuen profanazioa, Gazako eztanda demografikoa, hilketa, tortura eta masa-bonbardaketak… Noiz arte jasan behar dute, bada, bortizkeria eta laido amaigabea erantzunik eman gabe?

Uste dut ezkerreko mugimendu iraultzaileok anbiguotasunik gabe hitz egin behar dugula: ez da gerra bat, okupazioari erantzuteko zilegizko autodefentsa baizik

Husni A. Wahed-en hitzetan, fisika legea da: zenbat eta presio altuagoa, orduan eta leherketa arrisku handiagoa. Zortzi hamarkada dira inperialistek lurraldea okupatu zutenetik. Bada, Estatu sionistak 80 urte luze daramatza eztanda hori elikatzen, palestinarren kontrako aipatu sarraski politika etengabearekin. Gertatutako leherketa “Israel eta Palestinaren arteko gerra” deitu diote komunikabide gehienek, baita ezkerreko hainbat euskal hedabidek ere. Gerra hitza erabiltzean, ordea, parekatzen dituzte zapaltzaileak eta zapalduak. Mikel Aramendi saiatu da hobeto zehazten: gerra asimetrikoa da honakoa. Nik gehituko nuke herri guztiek duten autodefentsarako eskubidea gauzatu dutela palestinarrek. Uste dut ezkerreko mugimendu iraultzaileok anbiguotasunik gabe hitz egin behar dugula: ez da gerra bat, okupazioari erantzuteko zilegizko autodefentsa baizik.

Gazan eta Kurdistanen ukabila altxatu dute, betiere, setazko eskularru batean bilduta: borroka eginen dute, egunen baten, estatu inperialistek ukatzen duten elkarrizketa gauzatu ahal izateko. Ageriko ezberdintasunak gaindituz, kideko aldarrikapenak dituzte: errefuxiatuen itzulera, presoen askatasuna, beraien lurralde eta etxeetara bueltatzeko aukera, aske, duin eta bakean bizitzeko eskubidea...

Kurduek aspaldi egin bezala, palestinarrek duintasun ariketa bat egin dute oraingoan, baita munduko indar antiinperialistoi laguntzarako deia luzatu ere. Nola erantzungo diegu?