argia.eus
INPRIMATU
Ahanzturaren gomuta
Maddi Galdos Areta 2023ko urriaren 20a

Poetandreak literatura greko-latindarrean
Maite López las Heras
Balea zuria, 2022

---------------------------------------------------------------

Heriotzarik behinena ei da ahanztura, eta memoria omen du erremedio. Ahotsa dagokionari eman eta, horrela, oroimena osatzeko xedez ondua da Maite López Las Herasek (Azkoitia, 1985) plazaratutako Poetandreak Literatura Greko-Latindarrean (Balea Zuria, 2022) antologia poetikoa, iraganeko txingarra egungo gar bilakatu eta, ahal dela, etorkizuna ere argiztatzeko asmoz osatutakoa.

Antzinate Klasikoko 24 poetandreren testuak bildu ditu azkoitiarrak liburuan, jatorriz grekoz zein latinez ondutakoak. Baina harago ere badoa bilduma: poemez gain, emakume poeton testuingurua argitu, haien obra ulertu eta historikoki jasan duten bazterketa arakatzeko zein horri aurre egiteko baliagarri direnak ere biltzen baititu. Zehazki, hitzaurre eta sarrera bana topa genezake bertan, Saforen obratik hasi eta Akonia Fabia Paulinareneraino heltzen den segida kronologikoarekin batera. Honekin guztiarekin, irakurketak aldibereko bi aukera eskaintzen dituela esan genezake: batetik, literatura eta kultura klasikoarekiko hurbilpena egitekoa eta, bestetik, antzinako egoeraren eta egungoaren artean egon daitezkeen loturen inguruan hausnartzekoa.

Tartean dugu liburuaren xedeak berak ardatz duen auzietako bat: hots, poeten emakumetasunari lotutakoa. Egungo panorama literarioan zeresana ematen duen kontua da honakoa: aurki orori topa dakioke bere ifrentzua, eta ezagun ditugu egiletza zein idazketa generoari lotzeak ekar ditzakeenak. Halere, literaturaren joko zelaiaren neutraltasun ezak halabeharrezko bilakatzen du olerkariok emakumezko izan zirela aldarrikatzea. Ildo horretan proposatzen du Lópezek, 2018an onartu zen plazandre hitzarekin analogian, poetandre kontzeptua: poeta hitza, etimologikoki ez ezik, oraindik gailentzen den iruditegian maskulinoa denez, izendatze hutsak izatearen aitortzea lekarkeelako.

Bildumak kultura klasikoaren inguruko gutxieneko ezagutza edo, halakorik ezean, ezagutzeko grina galdegiten du. Halere, liburua bera akuilu ere bada: bere baitan dakartza ezagutzeko grina hori pizteko elementuak, iragana ezagutzeko gogo sorrarazle izan baitaitezke sortzen dituen egungo ezinegonak. Poetok ahantzi ditugula ahaztu gabe gogoratu behar ditugunaren oroigarri da, finean, antologia.