argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ulertu
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko urriaren 11

Huts egin daiteke bizitza osoan etengabe egiten dugun horretan. Amai dezakegu bizitza gutxieneko gaitasunik garatu gabe, trebatu eta trebatu ibili garen horretan. Ez da guztiz gure errua izango, birtuosoenak ere ez badu inoiz bizitzako alderdi guztietan iaioa izaterik lortzen. Komunikatzeaz ari naiz. Elkar ulertzeaz. Nola bizi hain garrantzitsuak izanik, bakoitzak geure modura ulertzen ditugun hitzen bidez? Zer da askatasuna, laguna, bikotea, jatorra, maite zaitut, konstituzionalista, Euskal Herria.

Batzuetan, gaixoak gu, hitzez ezkutatu nahi duguna oso modu obszenoan oihukatzen dugu. Begiradak salatzen du; edo kezka tonu bat irristatzen zaigu, malko bat, hotzikara bat; ezin diogu hutsalkeriak esateari utzi, edo ezin dugu ezer esan; hitz beste egiten dugu, edo oihu; barrez lehertzen gara, eta parean dugunak ezagutzen bagaitu bakarrik entzuten du negarra. Errepikapenen bidez ere komunikatzen gara, beraz; ondoan izan duzunak, agian, jakingo du zure maite zaitut guztiak deszifratzen.

Batzuetan ezkutatu nahi hori ez da hain beldurtia. Politikan, maiz entzun dugu, benetako arazoak ezkutatzeko, autokritika bakar “komunikazio arazoez” hizketan; “ez dugu ondo azaltzen jakin”. Komunikatzaileak esaten dugunean, ez dugu politikariengan pentsatzen, baina hori dira ia guztiz. Orain ere ari dira, komunikatzen, bidelagun bila dabiltzan honetan, botoak zenbatzen, elkar konbentzitzen. Zeren eta batzuetan, bizitzan ere, esaten dizute maite zaitut, eta esan nahi dute bizitzako etapa honetan, komeni zatzaizkit.

Arriskutsua da parekoa ezagutu gabe hitz batzuk erabiltzea. Zeren eta, batzuetan, esaten duzu maite zaitut, eta ulertzen dute behar zaitut. Zeren eta, batzuetan, esaten dute maite zaitut, eta ez zuten esan nahi. Zeren eta batzuetan, esaten dute maite zaitut, eta esan nahi dute tuntuntxo, ondo zaude hor, baietz, ohe azpian, zain. Zeren eta, batzuetan, esaten dute maite zaitut, eta ez dakite zer esaten ari diren.

Zorionez, gutxi batzuetan, ahoskatzen dugu maite zaitut, eta egiarekin zerikusia daukan zerbait ulertzen dugu.