Directo (2xLP)
Señor No
Folc Records, 2023
----------------------------------------------------
Ibilbide luzea duten taldeekin sarri gertatu ohi da: zale batzuen kritikak jasotzen dituzte eskaintza bera egiten dutelakoan; eta beste batzuk sortzen dituzten lan berriekin hasierako sugarretik aldenduta ikusten dituztelako. A ze patua, nola asmatu!
Donostiako auzoetan 1993an sortutako Señor No taldeari, hein batean, bigarrena leporatu ahal diote batzuek, zer esanik ez hastapen luzeko emanaldietan ikusleak kiskaldu egiten zituztela jakinda. Jarraitu dute, aspalditik abeslari, frontman eta kantuen sortzaile nagusi den Xabi Garrek gidatuta, eta alboan ditu Fumai baxu jotzaile fina, antzinatik; Fosy bateria prestua; Jorge gazte zaildua gitarran eta azken urteotan, baita Joseba B. Lenoir gitarra jotzaile handia ere. Sua ez da inola ere itzali eta kantuak sortuz arriskatu eta aurrera egiten dute, baina azken hamarkada luzean argitaratutako kantuek tarteka beste tenpo bat dute, beti ere rock-and-rollaren eta wah-wah pedaleren baitan bada ere. Bizilegea.
Taldeak bederatzi disko luze ditu (eta dozenaka EP eta bestelako) eta horietako bakarra, orain arte, zuzenekoa: hain zuzen ere, guztion harridurarako (eta gure gozamenerako) 2006an Egiako Bukowsky tabernan sasi-akustikoan grabatu zuten Señor Sí lana. Iazko abenduan, bada, Egia auzoko Dabadaba-n honako zuzenekoa grabatu zuten, binilo bikoitzean kaleratu dutena eta hamasei kantak osatzen dutena.
Bertan badira high-energy-a, Bukowsky-ren eskolako testuak, Señor No, MC5 Sí esamoldearen esentzia zein akaberarik gabeko wah-wah pedalerak marka dituzten Fiestón, Nadie, Prefiero verte, Llámame, El diablo está caliente, Inherente eta Masacrante-ren gisako eresi basati eta garratzak, baita psikodeliaz bustita dagoen Como una pompa de jabón zein A veces no eta Caramelo relaja itsaskorrak ere, eta God taldearen My pal. Hala, txinpartak eta tenpo erdiak uztartu dituzte taldearen sasoiko erretratua eginda. Eta postdata: bertsioez osatutako disko berria dute labetik ateratzear. Geldiezinak.