argia.eus
INPRIMATU
'Ütopia bat nahi dizüt egin'
Nora Salbotx Alegria 2023ko urriaren 04a

Hezkuntza utopia bat nahi nizuke egin. Utopia bat izanen dena haurren gisakoa, izanen dena zalua, jostaria, boteretsua eta librezalea. Arboletara igoko den utopia batez ari naiz, bistan dena, gaurko euskal hezkuntzagintzak behar duenaren gisakoa; potxingoetan putzu-putzu ariko dena nahi (eta behar!) adina, lohiez zikintzeaz izutuko ez dena eta lur zakarretan aldika mina hartuko duena ere. Hezkuntzagintza bat, jolas-lagunak kasik non-nahi eta kasik nora-nahikoak topatuko dituena plazetan, karriketan, heziguneetan berdin.

Hezkuntza utopia bat, sakeletara bilduko dituenak baldosa estanpatu eta koloretako kristal pusketak, Sugus urdinaren paper bilgarria, lauzpabortz txapa makur, txokolatezko arrautza sorpresaren barruko zera horiztaren erdika bat, txikoria belarraren bi lore zimel (nahiz eta erran dioten ohatzean pixa eginen duela hortaz), harri politak, gauza inportanteak.

Horixe behar baitugu preziso; utopia bat hezkuntzarena. Utopia partekatu bat ahal dela, elkarrekin marrazten ahalko genukeena kasik osoki. Utopia eder egingarri bat, beltza zuriaren gainean zirrimarratutakoa, edo akaso, oraindik hobe, Manley margoen kolore bizi distirantez. More, berde eta gorrikaretan pintatutako utopia bat.

Gisa horretan, badut uste, premiaren larriaz ohartzen hasiko garen behingoan, denok ikusteko moduan paratuko baitugu izan zitekeenaren esperantza, atzentzen dugunaren eta gutiegi bulkatzen dugunaren potreta, alegia, gaur gaurkoz euskal hezkuntza ez denaren eta bai denaren argazkia, fotomuntaketa eta negatiboa, hara.

Hezkuntza utopia bat izanen dena haurren gisakoa, izanen dena zalua, jostaria, boteretsua eta librezalea. Arboletara igoko den utopia batez ari naiz

Utopia bat akaso Alexandra Kollontaik fite gertatzeko esperantzaz –48 urteren bueltan edo–, 1922an emandako horren gisakoa beharko duena izan. Beraz, amets eder bat non basoa salbatuko dugun teknologiaren aitzinamenduak jasangarritasunaren alde paratuz. Non elkar zaintza, edertasuna eta soiltasuna, irudimena, sexuaz haraindiko lan banaketa, kultura, sormena eta batzarra izanen diren denonak. Non lan nekezaz, alienatzaileaz, aske biziko garen behingoagatik. Non kantan, jostetan, dantzan ariko garen gure iraultza izan dadin eta badelako. Non komunitateak, komunen federazioak (sic) (plural kasik lagunkoi batez jokatzen dut baitezpada, euskal “eragileria” eta “erakundetza” gogoan), gailenduko diren. Utopia bat non kosmosari begira hunkituko garen eta joandako denbora estrainio haiekin akordatzean irri eginen dugun, denek... edo kasik denek.

Baina, kasu! Zeren utopia ez baita etorriko halako gobernu baten lege berri bakan baten abaroan, nahiz eta lege horrek inoiz adostasunetan izan denik eta zabalena lortuko balu ere (txaloak hala balitz). Utopia karriketan oinez egiten baita, ttipi-ttapa, lurra zapalduz, mugak zeharkatuz, hanka sartuz, baita ere. Azpitik goiti marraztutako hezkuntza utopia horrek zabalduko dizkigu, deusek ez bezala, zumardi handiak ez badira, bai sikiera xendra ttipiak, eta ideiak, asmoak, norabideak, kasik-adostasun berriak, garai –hauek bai– total berrietarako.

Hartan, utopia kantatzen eta egiten ari garela, akordatuko gara Jacques Rancièreren berdintasunaren axiomatika horrekin eta elkarri erranen diogu beti duela arrazoi emantzipatu nahi duen horrek eta emantzipazioaren unea beti-beti honaxeko hauxe dela. Akaberan, utopia bat tarteko ere, ez bagina gai izanen elkar maitatzeko, izan dadila sikiera hezkuntzagintzaren inguruko ametsek sekretu izateari utzi diezaioten eta, denbora haboro galdu gabe, hezkuntza berri baten aldekoak mila kolorez dantza gaitezen behingoan, bihotzetan, heziguneetan eta behar den bazter guztietan.