argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ala inor ez
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko urriaren 04a

Asier Ezeizaren argazkia ikusi dut egunkarian. Xaxirena. Argazki batzuek horrela asaltatzen gaituzte. Ahalegindu naiz barrutik ateratzen, eta ezin dut. Ze saltsa horri buruz idaztea. Nor etsaituko zait. Baina ezin begiratzeari utzi.

Ezinezkoa da Xaxik pena ematea, pertsona domaezinek zaila da gupidarik sortzea: izaera batzuek ez dute halakorik merezi, gupida horren aurka borrokan bizi izan dira, minari aurrez aurre begiratuta. Amorrua kutsatzen dit, eta horretan lagun dut. Baina ez dut aldarrikatzeko heroirik. Ez dut inon heroirik ikusten. Eta argazkiko herrikidea eta ni elkarri hozkaka ibiliko ginen duela urte batzuk (eta elkar hil daiteke elkar maitez ere). Baina gatazka ez zen berea bakarrik, gatazka nirea ere bazen, gatazka herri oso batena zen, gutxienez. Zergatik dago bakarrik epailearen aurrean.

Ardura penala indibiduala da. Eta nor lasaitzen du horrek. Norbaitek gainditu du hau? Bada norbait nire adinetik gora memoria anputatu gabe lasai lo egin dezakeenik? Gatazkaren ondorioak bakarka doaz, orainaldiaren zuntz hauskorrak gehiegi ez astintzeko bolumenean, festa irribarretsura ezin lotu. Eta norbaitek uste badu ez zuela inor hil, berak ez zuela zegoen indarkeriari indarkeria eransteko ezer egin ez zelako ETAkidea, ez zelako polizia... ez diot sinesten. Benetan iruditzen bazitzaizkigun hain terribleak egiten genituen gauza batzuk, neurtu zer egin zenuen egin ez zitezen. Neurtu erabaki ziztrinen bat hartu zenuen. Benetan, nor da nahikoa errugabe gaur egun lasai bat merezi izateko? Zergatik nik jarrai dezaket alemana banintz bezala, eta Xaxik ez.

Amorrua sentitu dut Xaxiren argazkiari begira. Porrot izugarri baten sentsazioa geratu zait. Zergatik daude bakarrik. Zergatik ukatzen dugu ez iraganeko sufrimendua. Oraingoa. Ze ondorio terribleren gainean ari gara dantzan. Zenbat zauriren. Batzuetan ez dit ospatzen jarraitzeko gogorik ematen. Ez naiz alemana. Nola zen... denok ala inor ez.