argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Barnetik
Ula Iruretagoiena 2023ko urriaren 04a

Urriko lehen astelehenean, Nazioarteko Arkitekturaren Eguna da, Nazioarteko Habitat Egunarekin batera. Bi egunen aldiberekotasunak eguna markatzen du, arkitektura (giza) habitata eraikitzeko bidelagun baita. Horren aitzakian eta arkitektura suspertzeko helburuaz, urriko kultura programazioa arkitektura eta hirigintzarekin kutsatu ohi da, eta normalean arkitekto-profesionalen esparru itxiko guneen ateak ireki egiten dira. Egunaren sinbolismoak ez du gorputzeko atal bat bera ere kilikatzen, baina badu interesik programatzen den ohiko aktibitateen planteamenduak: arkitekturaren tripak erakusten direla. Pribatutasun edo segurtasun arrazoiengatik bisitagarriak ez diren eraikinetan barneratzeko aukera zabaltzeak kuriositatea pizten du, edo jakin-mina ernaldu daiteke eraikina diseinatu duten egileen nahiak eta helburuak entzuteko aukerarekin. Arkitekturan barneratzeko bi foku hauek posible egin dezakete egunero aurrez topatzen dugun eraikina desberdin ikustea, norbaitekin intimitate-enkontru baten ostean sentitzen dugunaren antzera. Zerbait aldatzen da.

Arkitekturaz inguraturik bizi gara, baina profesionalak salbu, begirada-tresna gutxi izaten ditu herritarrak arkitektura ulertzeko. Batez ere bi kritika iturri ditu eskuragarri: erabilgarria ote den erabiltzaile paperean dagoenean edo itsusia/ederra iruditzen ote zaion bisitari rola tokatzen zaionean. Arkitektura baten aurrean posizioa hartzeko funtzionaltasuna eta estetika guztiz zilegi diren arren, tramoian sartzeak kritikarako oinarri gehiago eskaintzen ahal dizkigu, kanpotik barnerako jauzia egiteko beta. Eraikitzeko bidean aurkitu diren zailtasunak, arautegi baten helburu desegokiak salbatzeko trikimailuak, espazio esperientzia jakin bat lortzeko asmoak, ikusten ez diren instalakuntzen sormen-soluzioak, xehetasun material batek ekar dezakeen kontakizuna… Guztiek osatzen dute profesioa, eraikinaren eraikuntza-lanak bukatzean espazioa bizi dutenena bada ere.