Irulegi, duela 2.100 urte inguru. Burdin Aroko herrixkari eraso egin eta erre ondoren, biztanleek abandonatu egin zuten 1.100 urte inguru eta gero. Amaierako garai hartakoa da iazko kanpainan argitara eman zuten esku ezaguna, eta aztarnategiaren ikerketan eragin nabarmena izan du aurkikuntzak.
Eskuari esker, bisitariak asko ugaritu dira Irulegin: 2.000 bisita gidatutik gora kontratatu dituzte orduz geroztik, eta diru-laguntza publiko gehiago ere jaso dute. Hala, lehen hilabete eta erdi iraun ohi zuen kanpaina hiru hilabetez luzatu da uda honetan. Eta emaitza bikainak jaso dituzte ondorioz.
Kanpaina honen ondorioz zehaztu dute herrixka populatua egon zen garaia: duela 3.200 urtetik, duela 2.100 urte ingurura. Orain arte induskatutako bi etxebizitzez gain, hirugarren bat ikertu dute eta, besteak beste, Pirinioen mendebaldean bakarra den zazpi mailatako eskailera bat topatu.
Kanpainaren ondorio nagusietakoa izan da baskoien erromanizatze prozesua ez zela uste bezain bat-batekoa eta bortitza izan, pixkanakakoa eta konplexuagoa izan zela. Mattin Aiestaran Aranzadiko indusketa zuzendariak adierazi duenez, “baskoi hauek erromatarren berri bazutela ikusten dugu. Mediterraneoa ikusi dute eta hona ekartzen saiatzen ari dira. Gerora Erromatar Inperioa izango denera egokitzen ahalegintzen ari dira, baina beren berezitasunak galdu gabe”. Aurten ikertutako egiturek agerian uzten dute baskoiak erromatarren eraikuntza teknikak imitatzen saiatu zirela, “ez zuten ondo egin, metodologia falta zitzaien”.
75 gezi su-eragile aurkitu dituzte eta garbi geratu da herrixka eraso eta erre zutela, biztanleen zoritxarrerako eta arkeologoen zorionerako. Lastozko estalki eta adobezko horma erreen arrastoen azpian objektuak egoera bikainean kontserbatu direlako. 2.000tik gora objektu aurkitu dituzte: zeramika arrastoak, beira-aleak, zaldientzako uhalak, armak… Horiek guztiek adierazten dute Irulegiren garrantzia estrategikoa. Ebro bailararen, Kantauriko kostaldearen, Akitaniaren eta Galiaren arteko bideak kontrolatzen zituzten. Inguruko ardatz nagusia zen herrixka, eta kanpoko herrialdeekin harremana zutela erakusten dute inportatutako objektuek, esaterako, aurkitu berri duten Adriatikoko anfora; Italiatik ardoa ekartzen zutela esan nahi du horrek.
Irulegi ezagutzen hasi besterik ez garela egin dio Aiestaranek. Aurtengo kanpainak hainbat ikerketa-lerro berri zabaldu ditu. Eskuaren eskutik, askoz gehiago emango digu Irulegik aurrerantzean.