argia.eus
INPRIMATU
Tropikal
Itxaro Borda 2023ko irailaren 25a

Bero handien ondotik, euriak etorri dira. Euri mantso, lodi eta beroak. Besoak zabalik hartu ditugu Aturri hegi hauetan. Bat-batean, horituak ziren bazterrak berdetu zaizkigu, adinekoak eta haurrak berriz ikusi ditugu arratsaldeetan paseatzen, ulu burrunbariak eta mustika ziztariak esku zainartez kalitzen zituztela. Batzuek, Atlantikoan, tornado gris eta bihurriak filmatu dituzte, aroa aldatzen dabilelako seinale. Zenbaiten ustez tropikaltasun zerbaiti buruz goaz. Zanpa-zanpa...

Artistek hirugarren begia badutela ezin uka. Gauzak, garen oinarrizko biztanleok baino anitzez lehenago asmatzen dituzte. Bizkitartean, eguraldi goha eta sapatsu honek, 1980ko hamarkadan Hertzainak talde mitikoak kantatzen zituen etorkizuneko Euskadi haren ezaugarri koloretsuak oroitarazten dizkit niri: “Egun batean Euskadi izango da libre eta tropikala” abesten zuten, Bermeoko iguana pipilean eta Gernikako Palmondoa arraiki irudikatuz. Talde gasteiztarraren “astakeria” musikala egia bilakatzen ari da, behiala bihotzean baizik ez geneukan tropikaltasun horrez lurraldea troxatuz.

Piña Colada bana?