argia.eus
INPRIMATU
Musikak eramaten gaituenerat
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko irailaren 20a

Harat
Harat
Autoekoizpena, 2022

---------------------------------------------------------------

Post-rocka, post-punka, post-hardcorea... Iraganetik datozen aterkiak dira. Inork gutxik daki zehazki zer estaltzen duten eta zer ez, nor busti eta nor ateri den. Eta, paradokixoki, nire semeetako batek, 7-8 urtetako inozentziakin (edo agian musika latinoa entzun aurretik… ji-ji) modu oso grafikoan deskribatu zuen: “Punka edo hardcorea dramarekin”. Arrazoia! Post aurrizkia jartzen dizkiogun talde ia guztiek daukate drama, malenkonia poso edo urgentziatik harago zama ilun bat, bereizi, interesgarriago eta askotan misteriotsu bilakatzen dituena.

Argazkia: Jon Iraundegi

Bestalde, sortzeak badauka oinarri drama edo barruko mina. Eta tesitura horretan gorde edo atera, honat edo harat egiterakoan, garrantzitsua da bigarrenaren alde egitea bizilege. Horixe bera egin du Ibai Gogortzak, dozenaka musika proiektutan burubelarri ibilitakoa den eta dabilen beratarrak (Joseba Irazoki Eta Lagunak, Mice, Joseba B Lenoir, Satelitik…), oraingoan bere kantu propioak idatzi ostean plazaratzeko jarraitu duen taupadan. Hitzak eta musika idazteaz gain, gitarra eta ahotsaren ardura hartu du (biena batera lehenengoz) Gogortzak, dotoreziaz, Iñigo Telletxea baxuan eta Mattin Arbelaitz baterian lagun dituela.

Borrokan taldeko kide ere badira Gogortza eta Telletxea; hau da, musikan eta bizitzako proiektuetan orpoz orpo aritutakoak; eta Arbelaitz entsegu lokaleko bizilaguna. Hara, ezinbestekoa da kantaren batean Borrokan-en arrastoa izatea, baina harago doa bederatzi abestitan batutako emaitza: hirukotea fina da testuratan, giroan, intentsitatean eta bere baitan ñabardura oso irekiak batzen dituzten piezak eraikitzen. Badira une langidoak, indartsuak, erritmo jostariak, riff malenkonikoak, intentsitate sarkorrak, industrial pisutsua, une kiribilduak, poesia baita Xabi Erkiziak landutako jantzi berezia ere, besteak beste.  
Antza, buelta askorik eman nahi izan gabe, Iñigo Irazokirekin grabatuak izan diren zirriborroak dira hauek, freskotasunari eutsi nahi eta horiek harrapatuta utzi nahi zituenak. Hortaz, post-ari baino momentukoari erreparatu beharko diogu arretaz!