argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Analfabetoak
Diana Franco Eguren 2023ko irailaren 12a

Batzuentzat, teknologia da arazoen konpontzaile bakarra, eta batzuetan bada. Baina teknologiak bizitzako arazo guztiak konponduko dituela pentsatuz, nire ustez, gizarteak onuragarriak ez diren zenbait agertokitara bideratzen gabiltza.

Gauzak egiteko modu anitz dago munduan, ur berorik ez baduzu, ur hotza erabili dezakezu bainatzeko, edota lapikotan berotu eta bainatu. Baina, hainbeste dira ur beroa mementoan izatearen onurak, ez nukeela beste teknologia batzuengatik aldatuko. Mendian biziko banintz, denbora askorekin eta lasaitasunean, beharbada ur beroa etxean izatea ez litzateke hainbesterako arazoa. Gizakiok ditugun beharrak, garai, leku eta bizimodu ezberdinen araberakoak izan ohi dira, eta teknologiarekiko pertzepzioa ere horiek baldintzatuta dago.

Azkenaldian, gai hauetaz hitz egiteko aukera izan dut Bilboko zenbait nagusirekin (+65). Bakarrik eta beren kabuz bizi dira. Adierazi didate ez direla egungo gizartearen parte sentitzen, analfabeto sentitzen direla. Digitalizazioa leku guztietan dagoela eta duten bizimodua aurrera eroateko beharrezkoa bilakatzen ari dela ohartu direla. Beharbada, herri txiki batean biziko balira, familiarekin batera, bestelako harreman sozialak josteko aukera duen inguruan, bizitzarako behar asko modu autonomoan bideratu ahal izango lituzkete. Baina aipatzen ditudan nagusi hauek hirietan, pisu txikietan eta bakarrik bizi dira, familiatik urrun (familia baldin badute). Egunerokoari aurre egiteko gaitasuna digitalizazioak aurrera egiten duen heinean murriztuta ikusten dute, nahiz eta izugarrizko ahalegina egiten ari diren. Noraino dugu gizakiok ordea ikasteko gaitasuna? Pasa den astean, 82 urteko agure batek fisikoki egin ezin duen kudeaketa bat Internet bidez egiteko laguntza eskatu zidan. Denok ditugu mugak, eta beharbada teknologien eraldaketekin eta horrek ekarriko dituen aldaketekin noizbait gu ere analfabetoak izango gara. Asko hitz egiten da belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeaz, entzu horretan, baina belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko moduak pentsatu beharko ditugu, ostera beti geruza bakanduetan biziko dira nagusiak, eraldaketa teknologikoek ekarriko dituzten gizarte eraldaketei aurre egiteko aukera gabe.