argia.eus
INPRIMATU
Baserriaz eta galeraz
Maddi Galdos Areta 2023ko irailaren 17a

BASERRIA (H)UZ(S)TEN
Oskar Gaztelu
Erein, 2023

--------------------------------------------------------

Hitz gutxi batzuekin kontaezina kontatzeko aukera ematen omen dio poesiak Oskar Gazteluri (Larrabetzu, 1964). Orain arte saiakeragintzan aritua izan arren, berriki argitaratu du larrabetzuarrak bere lehen poema-bilduma. Ernestina de Champourcín 32. Poesia Saria irabazita plazaratu du Baserria (h)uz(s)ten (Erein, 2023) liburua, 22 poema eta hamaika hausnarketa biltzen dituena. Izenburuak berak adierazi legez bilduman gailentzen den irudia utzitako eta hustutako baserriarena da: baserria, ordea, etxe landatar soil izatetik haratago doa lerrootan.

Galbidean diren bizimodu eta usadioei, belaunaldi helduenarekin batera desagertzear den ezagutzari, bizitza eta heriotzaren arteko harremanari, naturan diren askotariko zikloei, gauzek eta espazioek gordetzen duten memoriari eta galerak dakartzan bakardade eta hutsminari begira jartzen gaitu Gazteluk ondutako nolabaiteko paisaia poetikoak, lorategiz, euri samurrez eta aspaldiko altxorrez betetako kutxaz edertutakoak: "Noizean behin, soseguz, / neure barruko / baserri txikira sartzen naiz, / neure haurtzaroko baserrira. / Ezin dut esan zoriontsu ginenik, / baina gogoko dut / leku berean urteen oihartzuna entzutea (…)".

Baina sozialtzat har genitzakeen hausnarketa gaien iturri izateaz gain,  ahots poetiko pertsonala elikatzen duen jaiotetxea ere bada baserria Gaztelurentzat. Zentzu horretan, bereziki azpimarragarria da amaren heriotzak eta horren osteko doluak bilduman duten garrantzia. Ama hizpide duten edota amari zuzendutako poemek kutsu hunkigarriz blaitzen dute liburua: absentziak presentziak baino leku gehiago hartzen ei baitu espazioan. Apirila poema dugu, tartean, aipatutakoaren adierazle: "'Nik ez dakit hemen egongo naizen, baina udaberria / etorriko da', esaten zuen. / Udaberria hemen dago./ Loreak haren zain, / ea belar txarretatik norbaitek libratzen dituen. / Aurten amak ez du nire hori hartuko".

Kasu batzuetan gogoeta gaien eta poetikotasunaren arteko oreka fintzeke dela esan genezakeen arren, esateko latz direnak adierazteko moduen bilaketa doia dira poemok: baserriak utzi arren beheko suek piztuta iraun dezaten saiakera moduko bat.