argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Abuztuko datu onei begira
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko irailaren 12a
Empleo Gune Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala
Empleo Gune Gasteizen. Argazkia: Gasteizko Udala

Abuztuan langabeen kopuruak gora egin arren, gobernu eta administrazioen hitzetan datuak ez dira txarrak, begirada luzatu eta urte osoko datuak kontuan hartuz gero. Akaso. Patronalak bat egin du azterketa horrekin. Baina behin begirada altxatzen hasita, beste zerbait da ikusten duguna.

Aipamenik ez da egin gizarte segurantzaren datuei buruz. Gora egiten duenean ozen aldarrikatzen dute, baina nabarmen jaisten denean, ezkutatu egiten da datu hori. Espainiako Estatu osoa kontuan hartuz gero, 200.000 langiletik gora kanporatu dira lan merkatutik abuztuan, gehienak zerbitzuen sektorean, baina baita milako pare bat industrian ere. Enplegua suntsitu da, sasoi aldirako sortua kasu askotan, baina ez beti; eta beste behin, kanporatutako gehienak emakumeak dira. Lan merkatutik kanpo, langabeziari begiratuz gero, ez dago egindako balorazio on horiek nondik justifikatu. Erdiak ez du prestaziorik jasotzen, epe luzekoen multzoa ez da txikitu, aldizkako kontratuekin langabe daudenak ez dira zenbatzen... Luze jarrai genezake datuekin diskurtso ofizialak desmuntatzen, baina jakina den bezala, arrazoia izatea ez da nahikoa hori iraultzeko.

Lan merkatuak aspaldi utzi zion bizitza duina ziurtatzeari, eta gaur gaurkoz, aukera hori ez da eskaini ere egiten. Erosahalmena defendatzea, kontratu mugagabeak baldintza duinetan izatea… aldaketa horiek funtsezkoak dira, euskal sindikatuek lantoki lantoki borrokatzen jarraituko dute, iragarri dutenez. Baina argazkia benetan iraultzeko lan merkatua da aldatu behar dena. Hor dago jauzia. Arrazoia badugu, baita indarra ere, erabakiak burura eramateko tresnak dira behar ditugunak, 78an ukatutakoak, estatutuak beteta ere eskuratuko ez ditugunak.