argia.eus
INPRIMATU
Testamentu berria
Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2023ko irailaren 06a
Argazkia: Martxel Zubia
Argazkia: Martxel Zubia

Katu
Bilboko Areatzan, Aste Nagusian (abuztuaren 25ean).

--------------------------------------------------------------

Beti iruditu izan zait gure Disneyland txikia dela Bilboko Areatza Aste Nagusian, oraindik gogoan dut 16 urte bete berritan lehen aldiz hara eskapatu ginenean flipatu nuena (eta errotonda batean lo egin izana). Mini hiri bat (niretzat) hiri handi baten barruan astebetez. Euskal Herriko hiriburuetako jaietan onenak.

Nafarroa Garaian ohituak gaudenaren kontrara, lotara joateko orduro garraio publikoa hartzeko aukera izateak larritasuna kendu dio euri iragarpenari. Trenetik atera eta kaputxa denak burura. Ezagun batzuek kontzertua dute 21:30ean eta topatu dugu leku erdi-babestu bat Arriaga Antzokiko arkupeetako baten azpian. Gu–euri gortina–Askapeña konpartsa.

Eneko, Beñat (Malakias ere badena) eta Iker gazte durangarrek osatzen dute Katu, oker ez banago aurretik Parkatu izandakoaren bilakaera (aldaketa batzuekin). Gitarra, baxua, bateria eta ahots autotuneatuak. Gure ondotik pasa da Eneko kontzertuaren aurretik eta pozik agurtu gaitu lau metro karratuko oholtzara igo aurretik. Karpa goraino eta ni prest boligrafoa eta EHUko koaderno bat eskutan, nire lagun Asierrek esanen lukeen bezala, ohartxoa ematen (dando la nota).

Momentu honetan Euskal Herriko talde top direnen pandillara sartu dira hauek ere zuzenekoetan: ni bezalako tikismikis batendako letrak ulertzeko justiko. Baina ikusten duzu aho txikiarekin hitz solteak botatzen ari zaretenen ondoan badela ere jende bat tope kantuan, beraz, igual arazoa ez da taldearena. [Hemen ahalko banu jarriko nuke bakarrik burua ikusten zaion txakurtxo txiki baten stickerra].

Dituztenak sareetan-eta nahiko presente dauden arren, oraindik ez dute kantu propio askorik eta bertsio batzuk prestatu dituzte zuzenekoetarako. Beti izaten da buruhaustea bertsionatzeko kantuak hautatzea eta, egia esan, hauen konboa ez nuen espero. Ez dizkizuet aurreratuko, baina hautaketa kuriosoa da (eta graziosoa).

Talde hasiberri askori ez bezala, hauei entzun dakizkie haien kantuetan joera batzuk, taldearen bereizgarri izaten direnak gerora: izan armonien segidari edota melodietan interbalo zehatz batzuk jarraian jartzeari dagokionez. Ez da batere erraza izaten hori (hain azkar) edukitzea eta hauek badute.

Kontzertua hurbilagotik ikusteko eta dress codea hitzarturikoaren ondorio ala modaren kasualitate izan den jakiteko gogoz geratu naiz. Hurrengo kontzertua fitxatua dut. Jaio eta gutxira kantatu du Testamentue Katuk, baina beste sei falta zaizkio, beraz, bitartean, nola ez egin kasu Oskorriren bertsio bat kantatzen duen talde bati.