argia.eus
INPRIMATU
Nahia Alkorta Elezgarai. Sabeletik mundura
“Indarkeria obstetrikoa aitortu zaigun lehen emakumeak gara munduan”
  • “Oinarrizko eskubideak aitortzeko egiten dut. Niri ez dit inork nire erditzea itzuliko, ezta bizitutako trauma hori sendatuko ere. Beraz, ondorengoei halakorik ez gertatzeko ari naiz lanean”. Hitz gordinak dira, minetik eginak, eta min horretatik abiaturik, gertaturikoa plazaratzeko, indarkeria obstetrikoa jasan izanaren esperientzia liburu batean bildu du Nahia Alkorta Elezgarai donostiarrak. Hamaika urte dira bere lehen haurraz erditu zela, eta prozesu judizial luze batean dago geroztik, Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen Diskriminazio Batzordeak arrazoia eman zain, Espainiako Estatuak “ebazpena ez errespetatzea” erabaki zuelako.

Aitziber Zapirain Etxaniz @ZapirainEtxaniz 2023ko irailaren 06a
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Indarkeria obstetrikoak egin zaitu ospetsu.
Bai, zoritxarrez. Urte askoren ostean, Nazio Batuen Erakundeak arrazoia eman dit. Sabeletik Mundura egitasmoak ere eman dit hauspoa eta bide bat urratzen hasteko aukera. Ezaguna egin naiz egin zidatenagatik, nik neuk sorturikoagatik baino.

Zer gertatu zitzaizun?
Nire lehen haurraz erietxe publiko batean erditu nintzen. Izango zen presagatik, baliabide eskasiagatik, egiturazko indarkeria delako… Egon nahi ez nuen interbentzioetan ikusi nuen nire burua une batetik bestera. Indukzio bat egin zidaten, ezezkoa esan nien arren. Azkenean, zesarea egin zidaten, mediku ikuspegitik beharrik egon ez arren. Mehatxu egin zidaten, horretara behartu. “Erietxera bazatoz guk esaten duguna egin behar duzu”, esan zidaten. Trauma osteko estresa eragin zidan horrek, eta oso urte txarrak pasa nituen. Psikologikoki oso jota nengoen.

Lehen salaketa jartzeko urte bateko epea dago soilik. Gertatu zitzaidanari hitzak jarri orduko, kemena batu eta salaketa jarri nuen. Egin zidatena aitor zezaten nahi nuen. “Zuk horrela bizi izan baduzu, zerbait gaizki egin dugu”, horixe entzun nahi nuen, besterik ez. Hamaika urte betetzera doa haurra eta oraindik ez dut halakorik aditu. Donostiako epaitegian izan nuen lehen epaiketa, salaketa jarri eta hiru urtera.

Nola gogoratzen duzu?
Epaileak honela esan zidan: “Zu zara Nahia? Familian sendagile asko ditut”. Horrekin, jada, imajina dezakezu nola joan ziren ondorengo minutuak.

Ni ez noa medikuen kontra, indarkeria matxistaren beste adierazpen bat besterik ez den indarkeria obstetrikoaren kontra baizik. Espainiako Estatuko aukera denak amaitu eta Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen Diskriminazio Batzordera jo genuen Espainiako Estatuko hiru emakumek eta nik. Joan den uztailean jaso nuen arrazoia eman didan ebazpena. Indarkeria obstetrikoa aitortzen zaigun lehenak gara mundu mailan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Geroztik, ordea, lehengo lepotik burua.
Sei hilabeteko epea izan dute epaia betetzeko, baina ez dute egin. Nire kasuan, Eusko Jaurlaritzak ebazpena ukatu zidan eta beraiek “bikaintasunaren pean” lan egiten dutela esan zuten prentsa ohar batean. Orain, urrats administratiboak berrabiarazi eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharrean nago, eta horrek esan nahi du beste hiru edo lau urtez luzatuko dela prozesua.

Dena hankaz gora gelditu daiteke, minaren aitortza ez egitetik harago?
Kostu emozional eta psikologikoa izatetik harago, kostu ekonomiko handia ere badu. Betearazteko bidean kondena handia jaso dezakegu epaiketaren kostuetan galduz gero. Eta are larriagoa dena: jurisprudentzia oso arriskutsua dago jokoan. Azken batean, emakumeon hitzaren gainetik osasun sistema gailentzen bada, berdin segituko dute, babes judizialarekin gainera. Hiru erditzetik bat erditze traumatikoa izan ohi da; indarkeria obstetrikoa dago hemen.

“Ni ez noa medikuen kontra, indarkeria matxistaren beste adierazpen bat besterik ez den indarkeria obstetrikoaren kontra baizik"

Amatasunaz asko hitz egiten da; erditzeaz eta eraginaz, apenas.  
Erditzea oso momentu berezia da emakumearentzat, psikologikoki eta neurologikoki. Garunean aldaketak gertatzen dira oso denbora gutxian. Kultura batzuetan trantsizio bezala kontsideratuta dago, baina gaur egun jada badakigu ez dela kontu kulturala, baizik eta berariazko gertaera bat.

Horri, noski, haurra gehitu behar zaio, ahantzi gabe. Jaiotzeko moduak bere bizitza osoan eragina izanen du, eta haurra indarkeria giroan jaiotzen bada, zer esanik ez, eragina ezkorra izanen da. Bestalde, gainera, nire ustez indarkeria obstetrikoaz baino, indarkeria gineko-obstetrikoaz hitz egin beharko genuke. Emakumeon gorputza jartzen da guda zelai. Biluzik gaude, eserita, hankak zabalik eta askotan ez dakigu zer gertatzen den ere. Dermatologoan, adibidez, ez da halakorik gertatzen.

Udazkenean kaleratuko den liburu batean bildu duzu guztia.
Nire bizipenak dira. Erditzea, erditze ostea, prozesu judiziala eta horren ondorioak. Iruñean Sanferminak ospatzen ari ginela jaso nuen NBEren ebazpena eta berehala pentsatu nuen liburuaren ariketa egitea. Bide orri bat egin nahi izan dut, inor nire lekuan aurkituz gero, zer egin dezakeen jakiteko. Azken batean, arrazoia ukan arren, sistemaren kontra joatea delako, eta hori beti da zaila.

Sei hilabeteko epean idatzi dut, uste baino errazagoa izan da. Ongi pasa dut sorkuntza prozesuan eta hori balioan jarri nahi dut. Minetik idatzi izan banu, unea ez zenaren seinale. Berrirakurketan aseturik sentitu naiz, ez naiz puskatu.

Lozorroko harra

Injustizien aurrean harra lozorrotik esnatzen zaio Alkortari; ezinegona. Hamaika urte daramatza barruko harra ezin ase. Inork inoiz itzuliko ez dion zerbait ebatzi izan diotenaren sentsazioarekin bizi da. Osasun mentalaz galdetu eta “ezinbestekoa” erantzuten du zirt-zart. “Ez da txantxa. Arinkeria handiarekin jarri ohi da hitza mahaiaren gainean”. Erditzeak emakumearengan eragin dezakeenaz hitz eginen du kaleratuko duen liburuan. Amatasunaz asko hitz egiten den aro honetan, bere ekarpena erditzetik egin nahi izan du oraingoan.