argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Hurrengo udara arte
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko irailaren 05

Batzuek ez zenioten egiteari utziko, eta beste batzuek ez duzue itzultzeko lanik izango. Beste batzuk tik-tak bat entzuten ari gara (dagoeneko ordulariek egiten ez dutena), bihotzaren dun-dunetik bereizten gero eta zailagoa, lasterketa ero baten irteeran bageunde bezala. Eta badira “errutinara itzultzeko gogoz” jaiki direnak ere (familiarik gabeko laneko errutinara, oporrak ere nahiko beti bezalakoak izan baitituzte). Badator, eduki edo ez, lanak definituko digun egunerokoa.

“Zer moduz?” galderari pausoa azkartuz erantzungo diogu tetrisa ez desmuntatzeko. Bada okerragorik, presa edukitzeak egiteko zerbait esan nahi baitu, eta presaren larritasunetik ez dugu ikusiko presarik ez daukanaren itolarria (pausoari zer abiadura eman ere beren kabuz erabaki behar dutenena). “Zertan zabiltza?”-k, adin batetik aurrera, “zer lortu duzu zure bizitzan?” izango dira, eta lorpenaren muntak (“bere bizitzarekin zerbait gehiago egingo zuela espero genuen, ez?”, “hainbeste ikasi horrela ibiltzeko”, “hobe Lanbide Heziketa egin balu”, “txori asko buruan”) zerikusia izango du entregatu dugun bizitza puskak, egindako isiltasun botoak etxea ez konpartitzeko adina ematearekin, autoa edo, hobe, furgo bat edukitzeko ematearekin, asteburuetan libre eta (“jarriko dugu botea”, “ez, ez hau nire kontu”) proposatuko dituzten planek beldurrik ez ematearekin, okasio bakoitzerako arroparen bat edukitzearekin (eta beti edozein okasiotarako jantzita egon ahal izatearekin)...

Eta ez gaituzte gure erabakiek definituko, ezta herrialde baten beharrek ere. Definituko gaitu lau enpresaren hazkunde nahiak (herrialdea bezala), definituko gaitu hazkunde horrek langileari sinetsarazi dion duintasunak, definituko gaitu inoiz amestu ez genuenak. “Presaka” ez da “nik bizitza bat daukat”, da “ez naiz gogoratzen bizitza noiz entregatu nuen, heriotzari ez begiratu behar izateko, eta gero eta beldur handiagoa ematen dit begiratzeak”. Hurrengo udarara arte.