argia.eus
INPRIMATU
Europa probintzializatu, eurozentrismoa apurtu!
Andrea Bartolo @TxindurriG 2023ko irailaren 04a

Eraso inperialista areagotzen dabil Sahel-en. Gaur egun, Afrikako zonalde hora Mendebalde Kolektiboaren hegemonia inperialistari eusteko borroka fronte garrantzitsuenetariko bat bihurtu da. Azken boladan, zonalde horretan dauden indar harremanak aldatzen ari dira: Mali, Burkina Faso eta Niger mendebaldeko uztarri inperialistaren aurka altxatzen hasi dira eta nazioarteko aliantza berriak sustatzeari ekin diote.

Ordea, mendebaldetik ez da elkartasun antiinperialistaren zantzurik antolatzen ari. Horren arrazoia Europako ezkerrean errepikatzen den gaixotasun zahar bat da: eurozentrismoa.

Sahelekiko eurozentrismoa bi modutan azaleratzen ari da. Lehenik, haien burua "marxistatzat" dutenak daude, egungo prozesu anti-kolonialak kritikatzen dituztenak "benetan sozialistak" ez izateagatik. Analisi dialektiko gisa saltzen diren "kritika" horiek, berriz, ezkertiartasun akademiko baten dogmatismoa eta eurozentrismoa goitik behera erreproduzitzen dute. Hegoalde Globalean eman diren askapen prozesuen aurka egin ziren akusazio berberak dira: Ho Chi Minh, Cabral, Fidel edo Sankararen aurka egin zirenak, besteak beste.

Elkartasun internazionalista antolatu beharrean, Europatik eztabaidatzen gabiltza ea Sahelekoa "benetako iraultza" ote den

Bigarrenik, eurozentrismoaren fronte berriago bat dugu, are teleologikoagoa dena: geopolitikan adituak, dena "nazioarteko harremanen" betaurrekoen bitartez ikusten dutenak. Horien arabera, Sahelen gertatzen ari dena (Donbassen, Abya Yalan eta Ekialde Hurbilean gertatzen den moduan) "inperialisten arteko gerraren" ondorioa besterik ez litzateke. Hegoalde Globaleko herri langileek egiten dutena egiten dutela, peoi geopolitikoak baino ez lirateke izango. Diskurtso hori paternalismoaren adibide argia da: Hegoalde Globaleko herriak irteerarik gabeko begizta baten barruan harrapatzen ditu, beren etorkizunaren subjektu izateko inolako aukerarik gabekoa.

Bi diskurtso horiek marko epistemologiko bera dute, eurozentrismoarena, baita ondorioa ere: ezintasun politikoarena. Saheleko herri langileak inperialismoaren aurka mobilizatzen diren bitartean, "gure" inperialismoak herri horien aurkako gerra berria hasten du (ekonomikoa, kulturala eta militarra). Eta gu, bitartean, elkartasun internazionalista antolatu beharrean, Europatik eztabaidatzen gabiltza ea Sahelekoa "benetako iraultza" ote den, edota nola deskolonizatuko ginatekeen gu Sahelen biziko bagina.

Zentzugabekeria horren aurrean, mugimendu eta intelektual post-kolonialek (Fanon-etik Chakrabarty-ra) egiten ziguten deskolonizaziorako deia jasotzea premiazkoa da: borroka antiinperialista berrantola dezagun, eurozentrismoa apurtu, eta Europa probintzializatu.