argia.eus
INPRIMATU
Ikasturte hasiera beroa
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2023ko irailaren 03a

Esatea topiko bada ere, irailerako ikasgaiak utzi zituen EHUko zuzendaritzak. Izan ere, irakasleen aurreikusitako lizentzia eta baja batzuk betetzeko beharrezko ordezkapenak ez zirela helduko jakin zuten sail batzuek udako oporren bezperan. Beste aldetik, ordezkapenak egiten dituzten hainbat irakaslek ez zekiten zein motako kontratua izango duten irailetik aurrera. Salatu dutenez, Unibertsitate Sistemaren lege espainiarrak ezarritakoa zuhurregi aplikatuz, irakaskuntza baino ez zaie aitortuko eta ordainduko, eta hori ere ez osotasunean, ez baita kontuan hartuko formakuntza- eta prestakuntza-denbora, eskola- zein tutoretza-orduak baizik. Horren aurrean, irakaskuntza antolatu behar dutenak kezkaturik daude eta beldur daude joko-arau berriekin are zailagoa izango ote den arlo batzuetan ordezko irakasleak lortzea. Bestetik, zuzenean kalteturikoek mobilizazioak iragarri zituzten, eta irtenbide adostua lortu ezean, gerta liteke ikasturte-hasiera beroa izatea honakoa. Hala ere, ikusteke dago, asko baitira azken urteetan aldebakarrez administraziotik inposaturiko neurriak, ia erantzun sozialik eragin ez dutenak, azken finean batzuek uste baitute langile pribilegiatuez ari garela.