argia.eus
INPRIMATU
Hasperenik ez
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abuztuaren 30a

Zer: Lukiek taldearen kontzertua
Non: Tafallako jai herrikoietan
Noiz: Abuztuaren 19an.
----------------------------------------------------

Txosnagunetik metro gutxira daude zezen plazatik irten eta udaletxearen aurrera heldutako zezenzaleak, albokoa lepotik hartuta, txarangako kideen Suspiros de España pasodoble popular espainiarrarekin gozatzen, eta alboan dituzte Queen-en talde tributukoak, beren lana amaituta, gauzak jasotzen. Festetara joan den gipuzkoar batek harridura apur batez hartu du egoera, halako kantikoak askozaz ere hegoalderago espero zituelako akaso, edo halako manifesturik are gutxiago imajinatzen zuelako EH Bilduk alkatetza daukan herrian. Errealitateak eta ezezagutzak ematen dituen kolpeak dira horiek, autoz ordubeteko bidaia egin eta kontuak dezente aldatzen diren Euskal Herrian. Hori bai, txosnagunera minutu bakar batean heldu eta orduan sentitzen da bat etxean, Tafallako ikastolako gurasoek mimoz prestatutako ogitarteko eta pintxoak afalduta.

Tafallarren artean gipuzkoar batzuk bisitari, eta txosnaguneko oholtzan bizkaitarrak musikari. Gaualdeko hamarrak aldera eszenaratu dira Lukiekeko hiru mutilak, eta publikoak, hasiera batean bederen, nahiko hotz jokatu du. Jendea afaltzen ari delako, Iruñetik atzerapenarekin datorrelako aldirietako tren retroa, Mungiako bizkaiera arrotza suertatzen delako edo egongo da beste arrazoirik, batek daki, baina kontua da dozena erdi abesti jo behar izan dituztela gerri batzuk dantzan jartzeko. Sail honetan idazten duen batek esan zidan behin Gipuzkoako publikoa zail samarra dela; panorama ikusita, orain ez dakit zer pentsatu. Egia da: Lukiekek ez du ez salsa ez antzerako doinurik jotzen, baina egiten duen rocka dantzagarria da. Erritmo, doinu eta melodiek laguntzen dute burua goitik behera mugitzeaz harago gorputza askatzen.

Hibernazio pandemikoan ereindako artelanetako bat da #2 gisa izendatutako diskoa. Post-punka erritmo psikodelikoekin nahasita, eta #1 diskoan erreibindikatu zituzten 1990eko hamarkadako ukitu musikalei jarraituta, azken diskoan autotunea eta musika garaikideagoa uztartu dute. Eta gauza bat izaten da diskoan gitarra mila geruzatan grabatu eta detaileak fin orraztea, baina hori gero zuzenekora eraman egin behar da hiru lagunen artean. Lukieken kasuan, indartsua da oso oholtzatik emozioak plasmatzeko duen gaitasuna; izango da Christianek baketak apurtzeraino jotzen duelako, edo izango da hirurek badutelako eszenara irteteko esperientzia, eta bistakoa da badutela abilezia.

Emanaldiaren osteko atseden eta trago artean baten batek ahobero esan du Lukiek izan daitekeela euskal musika eszenako talderik onena garai likido hauetan. Irizpideak zehaztu eta definitu nahian alamena eman dute, talde gehiagoren izenak atera dira, ez dute eztabaida itxi, baina inork ez du Lukieken aukera baztertu.