argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus
Ula Iruretagoiena 2023ko uztailaren 21a

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa arte indarrean zegoen, baina europear diru-funtsen zorroa agortu egin dela esan du berriki Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomi Erkidegoari zegozkion 130 milioi banatu egin direla dagoeneko. Kalteturik gelditu direnak bildu egin dira eta salatu dute ez dela posible programa bertan behera uztea bestelako aukerarik eman gabe. Diotenez, gutxienez funtsen bikoitza beharko da ilaran gelditu direnen proposamenak burutzeko. Hainbeste sustatu den eraikinen energia aurrezpeneko iniziatibak herritar kultura bat sortu duela azaldu dute, eta dirulaguntzen etenak min ikaragarria egin dezakeela josten eta lantzen aritu den bidea, ekarriko dituen ondorio ekonomikoekin batera, noski.

Next Generation funtsak eraikuntzaren sektorean eragin handia izaten ari dira, zaharberritze arloan bereziki. Ez da batere bide erraza funts hauetan izena ematea, pentsa, arkitekto askok ikastaroak jaso dituzte inprimakiak eta eskaera ondo betetzeko. Diru-iturri handi bat da/izango da arkitektoentzat, besteak beste. Etxebizitza parke zaharkitua daukagu eta energia aurrezpeneko eskaera garaikideak betearazteko eraikuntza lan handiak burutu behar dira. Egokitzapenok inbertitze handia suposatzen dute, baina dirulaguntzen bitartez asko animatu dira prozesua abiatzera. Ahoz aho zabaldu da eraikuntza egokitzapenek ekartzen duten energia-fakturaren aurrezpena eta konfort klimatikoa.

Dirulaguntzen ilaran jartzeko arkitektura lan handia behar da aurrez, eta leihatila irekitzen ez bada, ez du ezertarako balioko. Arkitekto Elkargoak dirutan zenbatu nahi du etenaldiak kolektiboari ekar diezaiokeen ondorio ekonomikoa.

Ea hauteskundeen emaitzek nola eragiten duten afera honetan…