Uztailaren 12an UEUk antolatu jardunaldi biziki interesgarria iragan da Baionako Etxepare lizeoan, parte hartzaile frankorekin: Euskal literaturaren irakaskuntza gogoetagai: tokikotasuna, lurraldetasuna eta kolektibo azpiratuak. Egun osoan ibili solasek hiru gogoeta eginarazi zizkidaten.
Lehen hausnarketa, literaturaren irakaskuntzari buruz izan zen. Ipar Euskal Herrian, edozein ikaslek bururatzen ditu ikasketak frantses erreferentzia literario ugari eta sendorekin. Frantziako Hezkuntza Ministerioak biziki argi du zein diren gazteei transmititzekoak zaizkien kanon eta panteoi ofizialak, eta literaturak garrantzi handia du lehen eta bigarren hezkuntzan. Hemezortzi urtetan, edozeinek ezagutu beharko lituzke 50 obra, klasiko zein garaikide, mota guztietakoak (eleberri, olerki, antzerki, saiakera, komiki). Hainbat margolan eta film eredugarri aztertuak beharko lituzke ere bai. Bestalde, hamabost urtetan, edonork frantsesaren gramatika osoa jakin behar du, eta ondoko hiru urteetan, estilistika lantzen du. Sistema frantsesak ez dio hainbeste garrantzirik ematen literaturaren historiari, autorearen bizitzari eta literaturari buruzko ikuspegi sozialari; testua modu pertsonalean interpretatzen ikastea da xede nagusia, azterketa eta disertazioen bidez. Euskal literaturan, haatik, programa ofizialik ez: eskolatik atera daiteke hemezortzi urtetan euskarazko liburu bat ere irakurria izan gabe, euskal antzerki edo filmik ikusi izan gabe. Ikusten da hor erronka izugarria dela Ipar Euskal Herrian: nola sustatu literaturazaletasuna eta euskal kulturarendako atxikimendua klasean, jakitate literarioa ez bada zentrala?
Bigarren iruzkina, Koldo Izagirreren hitzen haritik doa. “Idolatratzen” dugun Etxeparek gure kultura herrikoia jakintsuen esparrura nola pasaraz erakutsi zuen. Garai hartan, liburu inprimatzea zen bidea. Egun, saio literario ikusgarrien medioz egiten da. Literatura, klase sozial boteretsuaren kodeekin uztartzen dugu Etxepareren denboratik: bizkitartean, kode horiekin bat egin nahi izatea ez litzateke berez helburu bat izan behar. Ikasle anitzek uste dute, gisa berean, bertsolaritza goi-mailako eliteendako ariketa berezia dela, herriaren ahotsa adieraztea delarik bere funtsa. Badago hor lantzekoa den gaia, bai iraganeko literaturari begira (literaturaren bilakaera klase borrokaren ikuspegitik), bai etorkizunekoari begira: gure kultura literarioa biziarazteko eta erreberritzeko, indartsuek eraiki markoan sarrarazi behar ote da?
Etxepare ez da pentsatzen den bezain modernoa emazteez mintzatzean: hondarrean erakusten duen emakumearen irudia da izaki prestu eta manukorrarena
Hirugarren pentsaketa, aipatua izan den ikusmolde feministaren ildotik datorkit. Iratxe Retolazak azaldu bezala, beharrezkoa genuke gure literaturaren historia feminismoaren betaurrekoekin irakurtzea. Ez egia gisa aurkeztuz, baizik eta proposamen berritzaile gisa, literaturaren historiaz bestelako begirada ukan dezagun. Sortzekoa den kontaketa horrek froga lezake, konparazione, Etxepare ez dela pentsatzen den bezain modernoa emazteez mintzatzean: bere neurtitzen lirikak badu garaiko lirika europarraren kutsutik, eta hondarrean erakusten duten emakumearen irudia da izaki prestu eta manukorrarena.
Azken finean, UEUren jardunaldi horretatik atera dena izan da lan programa erraldoia ondoko urteetarako, literatura zale garenontzat. Izanen dugu zer egin, elkarrekin. Indarrak har ditzagun, bada, uda goxatuz, lan zamari heldu artean!