argia.eus
INPRIMATU
Ankerra izan behar
Xabier Etxaniz Erle 2023ko uztailaren 26a

Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023

 

2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak eta hauek ikertzera doazen ekologistak ageriko zaizkigu, baita basogintzan aritu arren bere herria eta naturaren alde ari den udegetar jendea ere. Izan ere, istorio honetan gai asko ageri dira: ingurumenaren auzia, mafien negozioak, gizakion gorrotoa, herri txikien nortasuna, eta horiek guztien inguruan edo horiek guztiak lotuta misteriozko istorioa, thriller bat.

Komiki zoragarri honen lehen orrietatik sentitzen du irakurleak irakurtzen aurrera jarraitzeko gogoa. Lehen orri horietan basoetan egiten den txikizioa ikusi dugu, baita ustelkeria eta egurraren trafikoa ere, negozio horietan ari direnak, eta horien kontrako ekologistak. Irakurleak intrigazko elementuak ditu eskura, sumatzen du istorioak aurrera egin ahala korapilatzen joango dela; eta hala da, are gehiago egurra trafikatzen ari den ehiztari batek tigre bat zauritzen duenean. Tigreak, orduan, mendekua bilatuko du, pertsonak hiltzen hasi eta Amba bilakatuko da, basoetako espiritu beltza, udegetarren arabera tigre haserretuaren eta mendekatzailearen itxura hartzen duena, liburuko ohar argigarrietako batean azaltzen zaigun bezala.

Istorioa irakurri eta ikusi ahala thrillerrean gero eta sartuago sentituko gara, akzio pelikula batean bageunde bezala; eta horretan zerikusia du gidoiak baina baita marrazkiak eta koloreak ere. Ikuspuntu ezberdinetatik, toki eta pertsonaien neurriarekin jolastuta, kolore zuri nagusiaren aurrean bestelakoak tartekatuta, ikusleak aurrera egiten du istorioan.

Benetako gertakarietatik abiatuta egin zuen gidoia Harrietek eta, egia esan, ederki lortu du hasieratik amaieraraino irakurlea harrapatzea, baita hainbat kontu azaleratu eta haien gaineko salaketa egitea ere; basoen soiltze handiena ez da Amazonian gertatzen, gure merkatu goseti eta aseezin honek ez du etenik… guk ez badugu eteten. Dirua eta botere nahia nagusi omen diren mundu honetan bada itxaropen txiki bat, tigre itxura badu ere… Ankerra bada ere.