argia.eus
INPRIMATU
Mundua so
Itxaro Borda 2023ko uztailaren 18a

Euskaldunok thriller giroan bizi al gara, begi larderiatsu batek epaituko bagintu bezala? Kementsuak eta ederrak garela frogatzen gabiltza beti, eskaintzen dizkiguten perfekzio sozio-politikoen “diktat” eta ereduei plegatzen saiatuz. Originalak nahi genuke izan, baina azkenean, bihurgunea orok batera hartzera baizik ez gara ausartzen, itsusia delako, hori txikitatik ikasia dugu, norberak bere burua agertzea. Ideia bat ekartzen du batek eta gehiengoaren kontzientzia ona ez kolpatzeko, guztiok geureganatzen dugu. Eta gainera mundua so dagokigu...

Euskal Herriko zerga-ordaintzaileen diruz, –mugaren bi aldeetakoak batu zaitezte–, ordaindua izan den Tourraren abiatzearen karietara, –aitor dut ikusgarria erraldoia zela eta Pogaçarren bizikleta zehatz aztertzeko aukera ukan nuela!– askotan entzun dugun erranaldia da: mundua so zegokigun aitzakian halatan, milioika ikurrina inarrosi ditugu bide bazterretan. Eta doi-doia Tourrak gure lurra utzi eta Iruñean piztu dira Sanferminetako suak, pantaila bidez hor ere, mundu osoa begira daukagula errepikatzen digutela, sano, planttako eta behar bezalako itxura eman dezagun.

Eta begiak begiari: bakea emadan!