Oskar Matuteren astea izan da Espainia aldean, eztabaida politiko batean, ultraeskuindar bati emandako erantzunaren harira. Ultraeskuindarrak, Miguel Ángel Blanco gogoan, deklamatu zuen ez zekiela Matutek berak parte-hartzeren bat eduki ote zuen ETAren hilketaren batean. “Ni Ermuan nengoen, bijilia batean, Miguel Ángel Blanco hil aurreko gauean, eta Miguel Ángel Blanco aska zezaten eskatzen ari nintzen, Ermuan. Ez dakit zu non zeunden”.
Harridura izan da hitza, harridura EH Bilduko hautagai batek hori esan duelako. Elkarrizketatu ere egin dute horren harira. Zer da harritu dituena? Bai, karikatura: “Nola? Ezker abertzaleko alderdi batean ETA egiten ari zenarekin desados zegoen bat? Kontrakotasuna adierazi egiten zuen bat?”. Baina uste dut badagoela beste harridura bat, idiota politikoz inguratuta bizi garenez: zintzotasun politikoarena.
Oso gogoan dut Oskar Matute Gasteizko Hikateneoan, duela urte asko, unibertsitatean nenbilela (bakoitzak bere crush-ak izan ditu). Eta orduko hura errekonozitzen dut oraingoan, bilakaerak bilakaera, aurrean zuena zena izanda. Eta nola daiteke une jakin batean hain urrun egondakoak alderdi berean egotea, eta, gainera, lehen heltzen zituzten hariak eten gabe? Ba, besteak beste, denak, batzuetan, irensten. Sakoneko printzipioei fidel izateko ahaleginean egiak findu egin behar izaten dira, karikatura emozional batzuk otzandu. Eta badauzkagu jokoan printzipio batzuk. Eta txintxokerien garaian, harritu egiten du batzuen zintzotasun politikoak; eta besteek beldurra ematen dute.