argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Konfrontazio sindikalak emakume aurpegia aurten
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko uztailaren 17a
Osakidetzako garbitzaileak akordioa lortu ondoren Bilbon. Argazkia: LAB
Osakidetzako garbitzaileak akordioa lortu ondoren Bilbon. Argazkia: LAB

Batetik KPIaren gorakada dago, eta bestetik marra gorri bat, negoziazio kolektiboaren bilakaeran erabakigarriak diren sindikatuek jarritakoa: eros ahalmenik ez galtzea. Eta argazkia osatzeko gobernuak eta patronalak daude, soldatak hobetzearen kontrako diskurtso eta jarreran bat eginda. Zaila zen aurreikustea urtea hain oparoa izango zenik hitzarmenen sinaduran, baina hala izan da. Hori lortu da konfrontazioari ihes egiten ez dioten sindikatuen ekimenez antolatutako langile borrokari esker.

Osakidetzarentzat azpikontrataturik lan egiten duten garbitzaileen akordioa izan da azkena. Ehun eguneko borrokaldi luzeak behartu du akordioa; EAEko osasun sailaren gainetik pasata egin dena, gatazkak botere publikoaren esku hartzea eskatzen zuen arren, zerbitzu publiko batean funtsezko jarduera delako. Berriro ere, gatazka luze eta gogorrak egiteko gaitasunaren eta prestutasunaren emaitza izan da hitzarmena, sindikatuen aldetik txalotzekoa eta feminismotik aldarrikatzekoa, emakumeak izan direlako protagonista.

Langileen poza eta harrotasuna konpartitzen egingo diren kurtso bukaerako balorazioetan, aurrera urratsak zerrendatzeko eta azpimarratzeko aukera izango da beraz. Baina erantzun kolektibo eta sendoak eskatzen dituen galderak ere utzi dizkigu: zergatik luzatzen dira gehiago gatazkak sektore feminizatuetan? Nola egin gatazkaren zama eta ardura osoa baldintza prekario erabatekoan lan egiten duten emakumeen bizkar ez geratzeko? Eta nola bihurtu borroka horiek guztiak aldaketa politikoen eragile?