argia.eus
INPRIMATU
Txiza, zirimiria ala waterboardinga
Ibai Atutxa OrdeƱana 2023ko uztailaren 13a
'Su festak' | jon Urzelai Urbieta | Susa, 2023
'Su festak' | jon Urzelai Urbieta | Susa, 2023

Txiza egiten digute eta zirimiria dela diote. Izan ere, Bilbao BBK Live ezin da bere horretan ulertu. Pakete berean doaz Mediateka BBK, BBK Kuna, BBK Sala, BBkatea Arte Ederren Museoan, Bilbao Bizkaia Pride, BBK Klima, BBK Ja! Bilbao Saria, BBK gutun zuria Bilbao Saria eta zerrenda amaigabea da. Zirimiria dela diote baina benetan waterboardinga da.

Besteren artean BBK Livez hitz egiten digu Jon Urzelaik Su festak liburuan. Susak argitaratu dio lana, Zarauzko argitaletxeak badu-eta, heterodoxia literarioaz gaindi, saiakera bilduma. BBK Live bezalakoez hitz egiten digu Urzelaik XXI. mendeko Euskal Herriko musika jaialdiez diharduelako, baita gure musika eszenaren luze-zabalaz. Bada, liburuan aurkituko ditugu euskal kulturaren mapa osoagoa ulertzeko klabeak ere.

Ni neu, BBK pakete osoa ezin burutik kendu aritu naiz irakurri ahala. Ezin burutik kendu BBK barne-hartzen duen Kutxabank izan zela 2008ko krisian gehien etxegabetu zuenetakoa eta hipoteka berankorrak funts putreei erreparorik gabe saldu zizkiena. Ezin ahaztu Kutxabank dela kasta politiko, enpresarial eta finantzieroarentzat lagunkeriaren eta ate birakarien erdiguneetako bat. Esku batekin muturreko prekarizazioa jazartzen dute eta bestearekin kulturari kiribizto bat jarri zuri garesti saltzeko (merkeago turistei).

Jaialdion ifrentzua ere ematen digu Urzelaik eta berariaz arakatzen ditu autogestioz, komunitatea oinarri eta sorkuntza erdigunean lan egiten dutenak. Dena ez da turistifikazioaren monokultiboa, gentrifikazioaren estraktibismoa eta higiezinen espekulazioa. Zein Euskal Herri nahi dugun erabakitzeko gudu zelaietako bat bilakatzen da jaialdien eredua bera.

Nagusitzen ari zaigun ereduaren aurka egin daiteke: gehiengoaren desjabetze kulturalerako logika neoliberalaren eta gutxiengoaren metatze kapitalistaren aurka. Liburutegiak, literatura, aretoak, musika, museoak, arteak, herri mugimenduak: kultur eremu osoa markatzen dute txizarekin, zirimiriaren antzera blai bustitzen gaituzte, eta waterboardingarekin bezala ito. Horren kontra: okupazioa eta autogestioa.