Uztailaren hasieran jakin dugu gure herrian langileon etxe askotan ospakizunerako ezinbesteko izan diren pastel eta gozoen De Paula lantegia itxiko dutela. Erretiroa hartuko omen dute gozogileek, eta noski, erretiroa hartuko duten langileek deskantsurako eskubide osoa dute, baina gozamen komunitariorako elementu garrantzitsu bat galduko dugu herrian, eta uste dut horrelakoetan jarraipena sustatu eta bermatuko duten tresna kolektiboak beharrezkoak ditugula.
1980eko hamarkadan gertatu zen krisi industrialaren testuinguruan enpresa berreskuratze asko izan ziren Euskal Herrian. Ez dut oroimen zuzenik, baina urte batzuk geroago ikusi nuen, eta Katalunian enpresa baten berreskuratze esperientzia erakusten duen Joaquim Jordáren Numax presenta filmak pentsamendua markatu zidan. Izan ere, enpresa bideragarrien edo sozialki beharrezkoen berreskuratze edo transmisio prozesuak ez dira errazak izaten, asko gaizki amaitu izan dira, baina bidean garatutako autogestio praktikek komunitateko pertsonen bizitza betirako aldatzen dute.
Gozamen komunitariorako elementu garrantzitsu bat galduko dugu herrian; horrelakoetan jarraipena sustatu eta bermatuko duten tresna kolektiboak beharrezkoak ditu
Prozesu horiek gehienetan proiektuko langileen ekimenaren baitan geratzen dira, eta horrelakoetan behar den babes eta tresnak ez dituzte eskura izaten beharrezkoen diren momentuan. Baina kolektibizazio prozesuak nola egiteaz gain, nork egin behar dituen ere galdera garrantzitsua da. Enpresa horiek behar komunitarioak aseko badituzte, prozesuen subjektuak zabalak izan beharko dira, langileek, herritarrek, lurraldeko erakunde publiko, sindikatu eta kooperatibek osatuak. Eta noski, ezagutza eta harreman sareak ez dira egun batetik bestera sortzen.
Bizi dugun krisi egoera jarraituaren ondorioz, enpresetan lanaren, ezagutzaren eta jabetzaren transmisio beharrak handitu dira, bereziki landa eremuan lehen sektoreko eta zerbitzuetako proiektuetan, eta gure herri eta auzoak bizigarri egiten dituen merkataritza txikian. Bide berean, enpresa handiagoen berreskuratze behar berriak etorriko dira laster, eta kooperatibismoaren garapena kontraziklikoa denez, prestatu behar dugu egoerari tresna kolektiboekin erantzuteko, komunitateak sustengatutako proiektuen bitartez, kooperatibismoaren eta sindikalismoaren aliantza berriekin.
Horretarako, formazio, finantziazio, bidelaguntza eta babes publiko-komunitariorako tresna sendoak beharko ditugu. Ildoa lantzen ari gara kooperatibismo eraldatzailetik, baina sare trinkoagoak beharko ditugu gure lurraldeetatik erronkari erantzuteko.