argia.eus
INPRIMATU
Parkean
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2023ko uztailaren 12a

Etxe aurrean parke eder bat daukat. Ederra, gure porlanezko herri zulo honetako parametroetan, behintzat. Zuhaitzak, bankuak eta txintxaunak daude, eta bertan bizitzaren hasiera eta amaiera elkartzen dira, muturretako adinetakoak ume eta zahar. Zaintza lanetan ibili ezik, helduak ez dira bertaratzen, beste espazio batzuk dituzte eta. Baina gero eta gazte eta heldu gehiago egoten dira bankuetan jarrita. Hori bai, beste jatorri bat daukate, eta parkearen adina orekatzen dute.

Zabulu bako erdigunean, baloiak dira jaun eta jabe. Jaun, pelota atzetik dabiltzanak mutikoak eta ez hain mutikoak direlako. Jabe, plazarenak, pelotakaden beldur. Baloiak, gainera, erdigunetik desagerrarazten ditu neskatilak, eta bazterretara kondenatu. Jaun eta jabe, beraz.

Umeei galdetu diete herri batzuetan parkeak diseinatzerakoan, baina ez zaharrei, edo zaintzaileei, gure imajinarioan haurrena baino ez delako parkea, ez zaharrena, ez helduena. Helduak, tabernetara. Zaharrak, hor konpon.

Baina gerizpeaz eta haizeaz disfrutatzea denon aukera izan beharko litzateke, eta parke humanoagoak aldarrikatu guztiondako.