argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Txotxo barrokoak libre
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko uztailaren 12a

Zuk berrogeita bi urte dituzu? Ez du ematen”; “Ez, zu ez, zuk gazteagoa ematen duzu”; “lasai, ez duzu ama ematen”; “gehienez hogeitamapiku, berrogei ez duzu ematen”... eta ez daramat ondo komentario segida hori. Zerbait txarretik libratzen naute, hainbeste kosta izan zaizkidan nire urtetxoez. Erridikulutik libratu nahi naute: egin dezakezu parranda oraindik horrela jantzita. Ez dakite, gazte horiek, gaztetasuna gainetik kentzea zein dibertigarria izan daitekeen: erridikulua duintasuna baino adrenalinikoagoa da. Eta nire herriko pintada batez gogoratu naiz.

Nire herriko erdiguneko kiosko zahartu bat berritu dute. Kiosko horrek maiz janzten ditu herritarren hitzak, adierazpenak. Laranja zoragarri batez pintatu dute orain, eta Joxepa Zubeldia hernaniar bertsolariari eskaini zaio: haren hitzak daude orain zutabe eta hormetan. Margo berriaren azpian geratu da nik gogoan dudan pintada: “Txotxo barrokoak libre!”.

“Zer da barrokoa kasu horretan?” hasi ginen filosofatzen. Barrokoa da konplikatua: adinean aurrera konplexuagoak gara, zailagoak, ez hain hogei urtekoak. Barrokoa da barrokoa: ez da txotxo minimalista depilatu bat. Bihurguneak ditu, orbainak ditu, ezpainek dantza egiten dute beren kabuz, argi-ilunak ile kizkurren artetik... Nire txotxoak 42 urte ditu, bihurguneak eta jakintzak, eta ez ditu gutxiago izan nahi. “Txotxo barrokoak libre”.