argia.eus
INPRIMATU
Alemayehu printzearen tristura
  • Britainiarrek Tiruwork Wube Abisiniako enperatriza eta haren seme Alemayehu printzea bahitu eta Britainia Handira eraman zituzten 1868an, afrikar inperio hari jarritako zigor gisa. Zer zen mutikoaren "begitarte malenkoniatsuaren" atzean zegoena?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko uztailaren 12a
Abisiniako Alemayehu printzea, Britaina Handira iritsi berritan. Aurpegiera triste bera dauka hil artean atera zizkioten gainerako argazkietan ere. Argazkia: Victoria and Albert Museum
Abisiniako Alemayehu printzea, Britaina Handira iritsi berritan. Aurpegiera triste bera dauka hil artean atera zizkioten gainerako argazkietan ere. Argazkia: Victoria and Albert Museum

Abisinia, 1868. Britainiar ejertzitoak afrikar inperioa eraso zuen, Teodoro II.a enperadorea zigortzeko eta, bide batez, Europako beste potentzien aurrean indar erakustaldia egiteko. Britainiarrek Magdala hiria sarraskitu eta espoliatu zuten. Teodoro enperadoreak bere buruaz beste egin zuen, baina britainiarrek Tiruwork Wube enperatriza eta haren seme Alemayehu printzea bahitu eta Britainia Handira eraman zituzten, Abisiniako ondarearen zati handi batekin batera. Enperatriza bidean hil zen. Printzeak zazpi urte zituen.

Viktoria erreginak mutikoaren begitarte malenkoniatsua nabarmendu zuen ezagutu zuenean. Tristam Speedy kapitainaren esku utzi zuen haren heziketa. Speedyk munduan zehar bidaiatu zuen mutikoarekin batera, maskota bat bailitzan ia. Hurrena, errege familiak printze afrikarrak heziketa formala jaso behar zuela erabaki zuen. Errugbi eskola pribatuan sartu zuten lehenik eta, gero, Sandhursteko akademia militarrean; bietan jazarpen bortitza jasan behar izan zuen Alemayehuk.

18 urte bete zituenean, errege familiaren mantenua galdu zuen eta Leedsera eraman zuten, Arthur Ransome doktorearen etxera. Handik gutxira hil zen, pleuresiak jota.

“Hain da tristea! Bakarrik, herrialde arrotz batean, seniderik gabe. Ez zuen bizitza zoriontsua izan. Hain zen sentibera, beti pentsatzen zuen jendeak gaizki begiratzen ziola bere azalaren koloreagatik”, idatzi zuen Viktoria erreginak bere egunerokoan, printzearen zorigaitzean inolako erantzukizunik ez balu bezala, eta jasandako erasoak mutikoaren irudipena balira bezala.

Alemayehu Windsor gazteluan ehortzi zuten, baina ez errege kriptan, aldameneko katakunbetan baizik. Karlos III.a errege koroatu berriak iragan kolonialista erreparatzeko asmo onak, hitzez behintzat, adierazi izana baliatu dute Alemayehuren familiaren oinordekoek eta Etiopiako ordezkariek enegarren aldiz eskatzeko printzearen arrastoak jaioterrira itzul ditzaten. Eta enegarren aldiz, eskaera ukatu diete, “hildakoen duintasuna zaintzeko erantzukizuna” argudiatuz; “soilik hildako batzuen duintasuna” ñabardura egitea ahaztu zaie.