argia.eus
INPRIMATU
Segi irakurtzen, Soniexka!
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2023ko uztailaren 05a
'Soniexka' | Ludmila Ulitskaia | Pasazaite, 2022
'Soniexka' | Ludmila Ulitskaia | Pasazaite, 2022

Soniexka Ludmila Ulitskaia autoreak 1992an errusieraz idatzi eta 2021an Josu Zabaletak itzuli zuen nobela motza da. Pasazaite argitaletxeak ateak itxi aurretik euskal irakurleari egindako ekarpena, besteak beste.

Izenburuak, Soniexka-k, liburuko protagonistari egiten dio erreferentzia. Hain zuzen, Soniexkaren bizitzaren deskribapena egiten baitu honek; protagonista haurra zenean hasten da liburua, irakurtzea izugarri gustatzen zitzaion garaian, muturra beti liburu artean sartuta zueneko garaian hain zuzen ere. Honelako esaldiak irakur ditzakegu hasieran: “Soniexkaren irakurketak, erotasun modu arin bat bilakaturik, lotan ere ez zuen uzten. Ametsak ere irakurri egiten zituela zirudien" (12. orr). Azpimarragarria dela uste dut, izan ere, liburuzain lanetan ari dela ezagutzen duen Robert Viktorovitxekin ezkondu ostean kuriositate eta irakurzaletasun zantzu guztiak galduko baititu. Eta beraien alaba Taniaren jaiotzak areagotu egingo baitu Soniexkarengandik jendarteak, bere senarrak eta berak ere espero duen emakume rola: “(…) osorik eraman zuela Soniak hainbeste maite zuen liburuen mundu hura, eta miserian, txirotasunean eta txandan- txandan gaixotzen ziren Tania eta Robert Viktorovitxi buruzko eguneroko kezka-zama imajinatu ere ezinak utzi zizkiola haren ordez" (25. orr).

Pertsonaien nondik- norakoen bitartez garaiko Errusian zegoen giro grisa, txirotasuna eta gerraren presentzia irakurriko ditugu. Horrez gain, Sobietar Batasunak emakumeentzako patriarkatuak gordetzen zuen patua agerian uzten du: bakardadea, familia osoaren zaintza lanen zama eta edozein nortasun zantzuren itzaltzea. Hau azpimarratzeko autoreak senarra izendatzen duen aldiro (ez du gutxitan egiten) izen- abizenak erabiltzen ditu. Autoritate, presentzia eta nortasundun izakia dela ahaztu ez dezagun. Soniexka, ordea, Sonia izenaren txikigarria da.

Yasiaren iritsierak (Tania alabaren adineko umezurtzarenak, alegia) aldatu egingo du nobelaren norabidea, intriga puntu bat emanaz bukaerari. Eta familia horren patua aldatuz betiko, zeina ez dizuedan kontatuko spoilerrik ez egite aldera. Baina Soniexkak irakurketa berreskuratzen duela aurreratuko dizuet.

Bere motzean zehatza eta intentsoa da liburua. Deskribapen gogoangarriak egiten ditu, metafora, konparaketen eta zerrenda luzeen bitartez sentsazio bereziak pizteko gai dena.